Itxi

Koronabirusa

Martxoaren 5ean covid-19 harreman estuen koarentenak kentzea adostu dute

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

Orain arte txertoa jaso ez duten harreman estuek berrogeialdia egin behar zuten derrigorrez. Neurria ikastetxeetan nabarituko dute gehienbat.

Artxiboko argazkia: EFE

Covid-19 harreman estuen koarentenak kentzea adostu du Osasun Publikoko Batzordeak, txertaketa egoera kontuan hartu barik.

Osasun Ministerioak bilera amaitu ondoren iragarri duenez, neurria martxoaren 5ean sartuko da indarrean, hau da, datorren larunbatean.

Orain arte txertoa jaso ez duten harreman estuek berrogeialdia egin behar zuten derrigorrez. Neurria ikastetxeetan nabarituko dute gehienbat.

Edonola ere, positibo baieztatuen harreman estuei lehen 10 egunetan "kontuz ibiltzeko eta kontaktuak murrizteko" gomendioa eman die Batzordeak, "musukoa etengabe erabiliz eta eskuak garbituz".

"Bereziki pertsona zaurgarriekin harremanak saihestu behar dituzte", azaldu du Ministerioak. Hain zuzen ere, "pertsona zaurgarrienak babesteko prebentzio neurriak zorrozteko" gomendioa eman du Osasun Publikoko Batzordeak.

Txertoa jaso duten pertsonentzat koarentena duela hilabete batzuk kendu zuten. Hala ere, positibo baieztatuarekin harreman estua izan eta 10 egunez etxetik kanpo jarduerak mugatzeko gomendioa eman zien Osasun Ministerioak. Era berean, maskara "etengabe" erabiltzea eskatu zien.