Hezkuntza
Hezkuntza akordioaren zirriborroa "pobrea" eta "orokorregia" da Eskola Publikoaz Harro plataformaren ustez
EITB Media
Horregatik, publiko egin berri duten dokumentua bertan behera uzteko eta hezkuntza publikoaren aldeko apustu garbi bat egiteko eskatu du aipatu plataformak.
Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak kezkagarritzat jo du Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza akordioaren zirriborroa. Ohar baten bidez adierazi dute dokumentua "oso pobrea" eta "orokorregia" dela.
"Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu ez dugula inolako ekarpenik edo zuzenketarik egiteko asmorik. Ez gaude oinarriarekin, norabidearekin eta planteamenduarekin ados, ez baititu eskola publikoaren ordezkariek egindako eskariak jasotzen", esan dute.
"Euskal Hezkuntza Sistemaren arazoetako bat segregazioa da. Euskal Herriarentzat nahi dugun bizikidetza ez dago taldetan sailkatuta, ondo hezitako pertsonetan baizik. Eskubide berdinak dituzten pertsona ezberdinak behar ditugu. Horretarako, hezkuntza nahitaezko erreminta da. Zentzu horretan, ezin dugu onartu indarrean dagoen hezkuntza sistema", gaineratu dute.
Halaber, salatu dute urteak daramatzatela segregazioaren eta sare publiko-pribatuaren arteko lotura ezkutatzen, "nahiz eta aspalditik dagoen frogatuta erlazio zuzena dutela".
Horren aurrean, hauek dira, horien ustez, egin beharrekoak: Euskal Eskola Publikoa aintzat hartu eta gizartearen atxikimendua sustatu, baliabideak eman, pribatizazioa eten, egungo sistema bikoitzarekin amaitu, itunpeko ikastetxeekin bukatu, segregazioa errazten duten mekanismoak bilatu eta horiei irtenbidea eman, matrikulatzeko orduan ikastetxeetara sartzeko prozesuak aldatu...
Laburtuz, dokumentua bertan behera uzteko eskatu dute, betiere, hezkuntza publikoaren aldeko apustu garbia eginez.