Hezkuntza
Hezkuntza akordiorako alegazioak aurkeztu dituzte alderdiek, eta negoziatzeko prest agertu dira
Mikel Dominguez | EITB Media
EAJk eta PSE-EEk elkarrekin aurkeztu dituzte alegazioak. EH Bilduk Hezkuntza planifikazioaren berrantolaketan eskola publikoa ardatz izatea nahi du, eta Elkarrekin Podemosek negoziatzen den testua "programatikoa" izatea eskatu die beste alderdiei.
Eusko Legebiltzarreko taldeek Hezkuntza batzordeak aurkeztutako testuari alegazioak aurkeztu dizkiote. EAJk eta PSE-EEk elkarrekin aurkeztu dituzte, euren arteko akordioa lortuta. Jaurlaritzako alderdiak zein oposiziokoak negoziatzeko prest agertu dira.
EAJ eta PSE-EE ados jarri dira Hezkuntza itunerako alegazioak elkarrekin aurkezteko. 42 erregistratu dituzte, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordeko presidenteak aurkeztutako oinarrien edukia "indartzeko".
Leixuri Arrizabalaga eta Jose Antonio Pastor legebiltzarkideek azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiak ordezkatuz, beren alegazioak "bi taldeentzako gakoak" aberasten eta indartzen dituzte.
EAJk eta PSE-EEk esan dutenez, alegazioen helburua eskola publikoak euskal hezkuntza sisteman duen "funtsezko izaera" indartzea da, baita "titulartasun pribatua duten zentroek ekitatea eta bikaintasuna hobetzeko egiten duten ekarpena" ere, beren lan "osagarriarekin, kontzertuen erregimenaren bitartez". Jeltzaleen eta sozialisten arabera, bi sistemak osagarriak dira eta kalitatezko sistema bat eskaintzen dute. "Testu hauetan printzipio horiek indartzen ditugu, baita ekitatea, aukera berdintasuna eta inklusioa ere, segregazioa ekiditeko", gehitu dute.
Eredu linguistikoari dagokionez, bi alderdiek egin dute zentro bakoitzeko testuinguru soziolinguistikoari egokituko zaion hizkuntza-aniztasunaren alde. "Bi hizkuntza ofizial eta beste hizkuntza bat nagusitzat hartuko dira ikasketetan, sistemaren ardatz den euskarari kalte egin gabe", esan dute.
Era berean, lau urtero plan estrategiko bat onartzea proposatu dute, ekitatea eta bikaintasuna areagotzen saiatzeko, eta akordioa alderdi politiko guztiei hedatzea nahi dute.
Dokumentuak euskara "ardatz" duen hezkuntza eredu eleanitz baten "zuzentasuna eta bikaintasuna" indartzen laguntzea espero du Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak.
Lantaldeak azkenean onartzen duen dokumentuak hezkuntza lege berria aurrera eramateko prozesua "aberastea" espero du sailburuak.
EH Bilduk 46 alegazio aurkeztu ditu, Ikoitz Arresek azaldu duen moduan, Hezkuntza eragileekin eta sindikatuekin elkarrizketa erronda bat egin ostean. Batzordearen zirriborroa "abiapuntu egokia" da, baina "hobetzeko tartea eta malgutasuna" ikusten dizkiote.
Hezkuntza sistemaren "eraldaketa" nahi dute subiranistek, eta "lau indar politiko nagusien arteko akordioa" posible ikusten dute. Euren ustez, akordioa "politikoa" izan behar da, ez soilik lege bat.
Hiru ardatzetan aurkeztu ditu EH Bilduk beren proposamenak: Hezkuntza Legeaz gain, "garapen programatikoa eta erreglamentarioa"; segregazioaren kontrako herri-akordioa, eta eskola maparen birkonfigurazioa ekarriko duen Hezkuntza planifikazio publiko berria, eskola publikoa ardatz izango duena.
Beste neurriak ere proposatu dituzte, tartean, finantzazio publikoen ordez eskolek bete behar dituzten baldintzak zehaztea eta 0-3 urteko zikloaren doakotasuna. Hizkuntza-ereduari dagokionez, zehaztasun handiagoa eskatu du EH Bilduk. "Euskara ardatz duen eredu eleaniztasun orokortua" proposatu dute, "non derrigorrezko eskolaldia bukatzean ikasle oroko B2 maila lortuko duen bi hizkuntza ofizialetan".
Laikotasunari dagokionez, koaliziaren asmoa da finantzazio publikoa jasotzen duten zentroek "laikotasunaren aldeko konpromiso sendoa izatea" eta ezin ematea Espainiako Lege Organikoak ezartzen dituen erlijio orduak baino gehiago.
Elkarrekin Podemos, bestalde, 29 proposamen zehatz aurkeztu ditu, eta negoziatzeko prest agertu da. "Hemendik sortuko den hitzarmena herri-hitzarmen bat izango da, eta bertan egon nahi dugu", esan du Miren Gorrotxategi bozeramaileak. Azaldu dutenez, astelehenetik aurrera hasiko dira benetako negoziazioak, behin batzordeko presidenteak egutegia zehazten duenez.
Zentzu horretan, bere taldeak eskari gehigarri bat erregistratu du: alderdiek adostu behar duten dokumentua programatikoa izatea. Hau da, Elkarrekin Podemosek beste alderdiekin egutegi bat, kronograma bat eta proposamenak betetzen diren neurtzeko neurriak adostu nahiko lituzke.
Alegazioen helburu nagusiak eskola publikoa indartzea eta segregazioarekin bukatzea dira. Egungo sistema duala gainditzeko eskolen % 65 publikoak izateko egiten duten proposamenari buruz galdetuta, Gorrotxategik azaldu du helburua alderdien arteko eztabaidan sartzea dela, "lerro gorririk gabeko" negoziazio prozesuan eskola publikoa indartzen dela ziurtatzeko. Azaldu duenez, egoeraren diagnosiaren zain daude, "jaitsiera demografikoak zernolako eragina izango duen jakiteko", eta horren arabera "beharrezkoak eta zentzuzkoak diren portzentajeak zeintzuk diren zehaztu ahalko ditugu".
Amaia Martinez legebiltzarkideak azaldu duenez, Voxen asmoa "gaztelaniak ikasketarako hizkuntza izaten jarraitzen duela bermatzea" da, "beste atzerriko hizkuntza bat" ez bilakatzeko.
Zentzu horretan, "hezkuntza publikoa, itunpekoa eta pribatuaren arteko elkarbititza bermatzea" nahi du, "soilik itxuraz itunpekoa den hezkuntza batera" joan gabe.