Itxi

KORONABIRUSA

Barrualdeetan "laster" maskara erabiltzea ez dela derrigorrezkoa izango esan du Sanchezek

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Ipar Euskal Herrian, bestalde, datorren martxoaren 14tik aurrera leku itxi ia gehienetan ez da beharrezkoa izango maskara erabiltzea. Garraio publikoetan bakarrik izango da derrigorrezkoa.

Pedro Sanchez igande honetan, prentsaurrekoan. Irudia: EFE

Covid-19aren kontra Hego Euskal Herrian indarrean dagoen neurri murriztaile bakanetakoa da leku itxietan maskara erabiltzeko derrigortasuna, eta hori ere, laster altxatuko dute. Hala iradoki du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, Madrilen egin duten PSOEren Batzorde Federalean.

Pandemiaren aurrean herritarrek erakutsi duten "jarrera bikaina" azpimarratu du buruzagi sozialistak, eta horren erakusle "txertatuen kopuru handia" jarri du, besteak beste. Espainiak Europako "kutsatuen intzidentzia metatu baxuena" duela ere esan du. Datu horiek kotuan hartuta, Sanchezen hitzetan, leku itxietan "laster" ez da beharrezkoa izango musukoa erabiltzea. "Hori bai, Osasun Ministerioak hala erabakitzen duenean sartuko da indarrean neurria", esan du.

Martxoaren 10erako du deituta bilera Estatuko Osasun Batzordeak, eta pandemiaren egoera aztertuko dute.

Ildo berean mintzatu da asteon Maria Chivite Nafarroako presidentea ere. ETBn egindako elkarrizketa batean, buruzagi nafarrak esan zuen " martxoko lehen hamabostaldian, bilakaera epidemiologiko positiboa ikusita, musukoak kendu ahal izatea espero eta nahi" duela.

Ipar Euskal Herrian, berriz, datorren martxoaren 14tik aurrera, musukoa barrualdean erabiltzeko baldintzak arindu egingo dituzte, eta erremu publiko gehienetan sartzeko ez dute covid ziurtagirik eskatuko. Garraio publikoetan soilik izango da derrigorrezkoa maskara erabiltzea.

Albisteak (3)