EPAIKETA
Hilketaren erruduntzat jo dute Groseko krimenaren akusatua
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Epaileak ez ditu aintzat hartu aringarriak, besteak beste, gertakarien unean drogen eraginpean egotea. Akusatuaren laguna absolbitu egin dute.
Epaimahaiak errudun jo du 2020ko martxoan Donostiako Gros auzoan gizon bat labankadaz hiltzea egotzita akusatutako gizona. Ez ditu aintzat hartu aringarriak, besteak beste, gertakarien unean drogen eraginpean egotea. Gertakarien egunean berarekin zegoen lagunari, baina, absolbitu egin dute; izan ere, epaileen ustez berari edo familiari zerbait egingo ote zion "beldur" zen eta horregatik jokatu zuen gisa horretara.
Fiskaltzak 25 urteko kartzela-zigorra eskatzen zuen, hilketa egotzita, eta, akusazio partikularrak, berriz, 30 urtekoa, ustezko egileak maltzurkeriaz egin zuela iritzita. Gainera, akusatuaren lagunari bera estaltzea leporatzen zioten, eta urte eta erdiko espetxe-zigorra eskatzen zuten harentzat. Azkenean, baina, absolbitu egin dute.
2020ko martxoaren 14an, goizeko 06:00etan, Groseko Katalunia plazako haur-parkean gertatu zen ezbeharra, 46 urteko Donostiako bizilagunari hainbat labankada sartu ostean. Ustezko egilea handik denbora gutxira atxilotu zuten hilketa egotzita. Harekin batera, laguna ere atxilotu zuten, estaltze-delitu bat egotzita.
Itxura guztien arabera, Katalunia plazatik gertu dagoen ostalaritza-establezimendu batean hasi zen guztia, biktima eta erasotzailea eztabaidan hasi zirenean. Orduan, ustezko egilea eta bere laguna tabernatik irten ziren ziztu bizian eta akusatuaren etxera joan ziren. Han arropa aldatu, sukaldeko aizto bat hartu eta lokalera itzuli zen.
Bi gizonak, akusatua eta biktima, elkarrekin irten zuren lokaletik eta inguruan dagoen haur-parkean erasotzaileak 41 labankada eman zizkion biktimari. Bertan hil zen.