Udalekuak
Udalekuak pandemia aurreko egoerara itzuliko dira
EITB Media
4.013 toki eskainiko dituzte guztira hiru foru aldundiek, 7-13 urteko haur eta gazteentzat. Iazko udalekuekin alderatuta, nabarmen igo da toki kopurua, 2.321 eskaini baitzituzten 2021ean.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek elkarrekin antolatzen dituzten udalekuen programa pandemia aurreko kopuruetara itzuliko da aurten. Guztira, 4.013 toki eskainiko dituze hirurek. Aurreko urteko kopuruarekin alderatuta, nabarmen igo dira eskainiko dituzten tokiak; izan ere, 2.321 eskaini zituzten iaz, pandemiaren aurkako neurriak tarteko.
Aurten ez da burbuila talderik egongo. Indarrean dagoen neurri bakarra barrualdean maskara erabiltzearena dela gogoratu dute.
Udalekuak uztailaren 1a eta 29a bitartean izango dira aurten, zazpi eguneko txandatan. Bertan, 7 eta 13 urte bitarteko haur eta gazteek parte hartu ahalko dute, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamabost aterpetxe eta instalazioen artean aukeratzeko aukera izango dute.
Bizkaiko Foru Aldundiak 1.268 toki eskainiko ditu aurten; Gipuzkoakoak, 1.050; eta Arabakoak, 1.695.
Hauek dira lurralde historiko bakoitzean eskaria egiteko epeak:
Bizkaia: Gaur eta martxoaren 17a bitartean izango da izena emateko epea zabalik, eta apirilaren 28an egingo da zozketa.
Gipuzkoa: Martxoaren 21a eta 29a bitartean eman ahalko dute izena, eta apirilaren 4an egingo dute zozketa.
Araba: Martxoaren 21a eta 30a bitartean egongo da irekita izena emateko epea, eta apirilaren 6an egingo dute zozketa.
7 eguneko txanda bakoitzeko, 135 euro ordaindu beharko dituzte familiek, baina deskontuak ere izango dira, familia motaren arabera: familia ugarien edo gurasobakarren kasuan, 94 euro ordaindu beharko dituzte, eta familia ugari bereziek, 67 euro. Gizarte Larrialdietarako Laguntzak edo Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten edota familiako kide guztiak langabezian dituzten adingabeek ere kuota murriztuak izango dituzte.