Itxi

Ukrainako gerra

Euskadik Ukrainako 3.000 errefuxiatu baino gehiago hartzeko baliabideak prest ditu

EiTB Media

Leer en Castellano

Erakundeek gerratik ihes egin duten pertsonak hartzeko plana aurkeztu dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euskadiko erakundeek Ukrainako errefuxiatuak hartzeko lehen kontingentzia plana aurkeztu dute ostegun honetan.

Horren ildotik, lehen aste hauetan Ukrainako 500-700 pertsona errefuxiatu artatzeko agertoki bat prest dute. Hala ere, pertsona gehiago helduko balira, bigarren agertoki bat prestatu dute erakundeek; konkretuki, 700-1.500 pertsona ala 1.500-3.000 edo gehiago hartzeko, aurreikuspenik handienean.

Hiru asteko iraupena izango duen behin-behineko egitasmoa da.

Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu duenez, une honetako informazioarekin "ezinezkoa" da Euskadira iritsiko diren pertsonen kopurua aurreikustea, ezta noiz helduko diren ere.

Bestalde, Urkulluren hitzetan, Espainiako Estatuak bideratuko dituen baliabideen berririk ez dute oraingoz, Europako zuzentarauak eskainitako aldi baterako babesari edo errefuxiatuentzako diru-laguntzei dagokionean.

Era berean, seniderik ez duten adingabeak hartzeko marko juridikoa oraindik zehaztu barik dagoela gogorarazi du lehendakariak.

"Hala eta guztiz ere, erakundeek pertsona errefuxiatuak modu duinean artatzeko beharrezko baliabideak aldez aurretik prest izateko eginbeharra dugu", erantsi du buruzagiak.

Testuinguru honetan, Ukrainako errefuxiatuak hartzeko lehen kontingentzia egitasmoak funtsezko hiru ezaugarri ditu:

-Indarraldi mugatua: martxoaren 10tik 31ra.

-Behin-behineko aurreikuspena: gertakarien eta bilakaeraren arabera, plana egokituko dute.

-Harrera duina. Edozelan ere, trantsizioko lehen aste hauetan harrera duina bermatzea.

Helburu horrekin balizko bi agertoki prestatu dituzte erakundeek:

1. Agertokia. Harrera ohiko baliabide indartuekin

Kasu honetan, hipotesia lehen asteetan 500-700 pertsona heltzea da.

Egoera horretan, harrera-baliabideak zehazki honako hauek dira:

-Estatuaren Harrera eta Integrazio Sistemaren barruan erabilgarri dauden plazak.

-Irun, Oñati, Tolosa eta Berrizko zentroen baliabideak. 200 bat pertsona hartzeko gaitasuna dute.

-Euskadiko ostatu edo hoteletan ostatua hartzeko aurreikuspena.

-Alokabidek eta udalek eskain ditzaketen etxebizitzak.

-Herritarrek elkartasunez eta borondatez eskainitako etxebizitzak; edo ukrainar jatorriko familiek, senideak edo hurbilekoak etxean hartzeko asmoa dutenak.

2. Agertokia. Harrera baliabide gehiagorekin

Iragarpen txikienak 700-1.500 pertsona artean heltzea aurreikusten du; eta aurreikuspen handienak 1.500-3.000 edo gehiago iristea.

Kasu honetan, 1. Agertokiko baliabideez gain, harrera baliabide gehiago jarriko lirateke martxan. Konkretuki, honakoak sortzea:

-Itzultzaile boluntarioen sarea

-Informazio eta harrera zerbitzua aireportu, tren eta autobus geltokietan.

-Harrera eta orientazio zerbitzua hiriburu bakoitzean.

-Premiazko ostatu egitasmoa, hoteletan eta ostatuetan, printzipioz 15 egunerako, baina egonaldia luzatu daiteke.

-Ostatu iraunkor bat emateko laguntza eta identifikazio zerbitzua.

Era berean, foru aldundiek seniderik gabe heltzen diren adingabeak eta egoera zaurgarrian dauden pertsonak artatuko dituzte.

Bestalde, udaletako gizarte zerbitzuak integrazio sozialerako tresna izango dira.

Bideoak (1)