Kargatzen...
Itxi

Bilaketa lanak Bidasoan

Eguna argitzean ekingo diete berriro Bidasoa ibaian ustez desagertu den pertsona bilatzeko lanei

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Ustez desagertu den pertsona migratzaile baten bila aritu dira erreskate taldeak arratsalde osoan, Santiago zubiaren inguruetan. Bi lagunek Lapurdin sartzea lortu dute eta hirugarren batek lortu ez duen susmoaren aurrean.

Erreskate operazioa Bidasoa ibaian, Irunen, 2021eko abuztuan. Artxiboko argazkia.

Ertzaintza Bidasoa ibaian desagertutako pertsona baten bila ari da arratsaldetik, Irungo Santiago zubiaren inguruan, Segurtasun Sailak baieztatu duenez.

Bilaketa operatiboan parte hartzen ari diren Gipuzkoako suhiltzaileek jakitera eman dute 18:20 aldera aktibatu dela bilaketa operazioa. Guardia Zibilak azaldu duenez, antza bi migrantek Lapurdin sartzea lortu dute, baina, susmoa dute hirugarren batek ez ote duen lortu ibaia gurutzatzea, eta hala ekin diote bilatze lanari.

Geroago Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio zuzendariak azaldu du, antza denez hiru pertsonek egin dutela salto ibara eta bi atera direla onik; haiek eman dute, dirudienez, hirugarren pertsona horren berri. "Badirudi, migrazioaren alderdirik gordinena ikusiko dugula berriro", deitoratu du Legarretak. 

Suhiltzaileak, ertzainak, guardia zibilak, Irungo udaltzainak, Gurutze Gorriko kideak eta Iparraldeko hainbat segurtasun-baliabide ere ari dira bilaketan parte hartzen.

Frantziako suhiltzaileek esan dute ez dagoela hirugarrenik, ez behintzat Iparraldean eta bertan behera utzi dute eurek operazioa mugaz bestaldean. Irun aldean, berriz, ustez desagertu den pertsona horren bila jarraituko dute igandean.

Lehen informazioen arabera, desagertua pertsona migratzaile bat izango litzateke. Hori baieztatuko balitz, Bidasoan azken hilabeteetan itota hil den laugarren pertsona izango litzateke.