Migrazioa
Irungo Harrera Sareak "migratzaile denentzat" eskatu ditu korridore humanitarioak
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ehunka pertsona mobilizatu dira Behobiako zubian migratzaileentzako zirkulazio librea aldarrikatzeko eta Frantziako Poliziaren "kontrol arrazistak" salatzeko. Larunbatean Bidasoa ibaian desagertu zen laguna ez dute topatu oraindik.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Irungo Harrera Sareak pertsona migratzaile guztientzako korridore humanitarioak aldarrikatu ditu arratsalde honetan Behobiako zubian egindako protesta batean, igarobidean heriotza gehiago izan ez dadin. Larunbatean Bidasoa ibaian desagertu zen migratzaileak desagertuta jarraitzen du oraindik.
Ehunka lagun elkartu dira Behobian zubian, "Korridore humanitarioak denentzat" goiburupean.
Jon Aranguren Harrera Sareko bozeramaileak onartu du oso litekeena dela larunbatean desagertu zen migratzailea hilik egotea, harrezkero pasatu den denbora kontuan hartuta.
Frantziako Polizia duela lau urte hasi zen kontrol-guneak jartzen Lapurdi eta Gipuzkoako mugan. "Segurtasun nazionalaren aitzakia erabiltzen dute, baina migratzaileek sarrera saiheste dute helburu", ohartarazi du.
"Kontrol arrazistak dira, zurioi ez gaituzte gelditzen, baina pertsona beltz guztiak edo arabar itxura izan dezaketen denak geldiarazten dituzte", salatu du Arangurenek.
Korridore humanitarioak sortzea egin daitekeen "gutxienekoa" dela iritzi dio eta helburua heriotzak ekiditea izan behar dela azpimarratu du.
"Migrazioak betidanik existitu dira, baina migrazioa bizitza berri bat lortzeko saiakerarekin lotzen zen, eta ez heriotzarekin, orain gertatzen den moduan", erantsi du.
Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan zortzi migratzaile hil dira jada, Atlantikoan edo Mediterraneoan urtero itotzen direnak milaka dira.