Itxi

Eguraldia

Noiz arte izango dugu gandua Euskal Herrian?

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Euskalmeten iragarpenaren arabera, Saharako basamortutik iritsitako hautsak gure artean segituko du, asteazkenean arratsaldean haizeak norabidea aldatu arte.

Bilbo, Saharatik iritsitako hauts lainoaren azpian. Argazkia: Inocencio Goikouria

Hego-haizeak Saharako basamortutik ekarri duen hautsaz estalita daude Euskal Herriko herriak eta hiriak, eta hala jarraituko dute asteazken arratsaldera arte, gutxienez.

Euskalmeten arabera, asteazkenean eguraldiak lanbrotsu segituko du, ganduaren eraginez; giroa epela izango da eta egunaren lehen zatian haizeak hegotik joko du.

Orduak igaro ahala, ufadek indarra galduko dute, hego-ekialdeko haizea ibiliko da eta tenperaturak jaitsiko dira.

Arratsaldean, barnealdean, haizeak iparraldetik joko du eta hodeiak ugaritu egingo dira.

Iluntzean, zerua estalita egongo da eta euri pixka bat bota dezake, batez ere Kantauri isurialdean, eta tenperaturek behera egingo dute.

Gandua ezohiko fenomeno meteorologikoa da gurean. Ikusgaitasuna murrizten du, kutsatzailea da eta, ondorioz, osasun arazoak sor ditzake.

Gauzak horrela, adituek musukoa erabiltzea eta aire librean kirolik ez egitea gomendatzen dute.