Udaberria
Zein egunetan hasiko da 2022ko udaberria Euskadin?
EITB Media
Bi eklipse izango dira udaberri honetan, eta bi izar-jasa ikusi ahalko dira. Ordu aldaketa datorren astean izango da, martxoaren 27an.
2022ko udaberria datorren igandean hasiko da, martxoaren 20an, 16:33an, Espainiako Institutu Geografiko Nazionalak argitaratutako datuen arabera. Urtaroak 92 egun eta 18 ordu iraungo du, eta ekainaren 21ean amaituko da, udari hasiera emanez.
Halaber, martxoko azken igandeko ordu txikietan, ordu aldaketa izango da, eta udako ordutegira itzuliko gara.
Eklipseak eta horiekin lotutako fenomenoak
Aurtengo udaberrian, bi eklipse izango dira. Lehena eguzki eklipse partziala izango da, apirilaren 30ean, baina Ozeano Pazifikoaren hegoaldean eta Hego Amerikan soilik ikusi ahalko da. Bestea ilargi eklipse totala izango da, maiatzaren 16an, eta Europan, Afrikan eta Amerikan ikusi ahalko da.
Apirilaren 16an helduko da udaberriko lehen ilbetea. Ilargi betea 29 edo 30 egunetik behin izaten da ikusgai, eta hurrengoak maiatzaren 16an (ilargi eklipsearekin batera) eta ekainaren 14an izango dira.
Izar-jasak
Ekainera bitartean, beste fenomeno astronomiko batzuk ere izango dira; izar-jasak, besteak beste. Liridak apirilaren 22an izango dira gorenean; eta akuariidak, berriz, maiatzaren 6an.