GARRAIO PUBLIKOA
Metro Bilbaok bere zerbitzuen % 100a berreskuratu du
EITB MEDIA
Zerbitzu murrizketak sei astez indarrean egon ostean, ohiko zerbitzua martxoaren 21ean itzuliko da, aurreikusi baino bi aste lehenago.
Metro Bilbaok neguko ohiko zerbitzuen % 100a berreskuratuko du martxoaren 21ean. Lanegunetako zerbitzua 06:00etan hasiko da eta azken trena 23:00etan izango da. Gaueko zerbitzuak normaltasunez jarraituko du larunbatetan gau osoan zehar eta ostiraletan goizeko ordu biak arte.
Metro Bilbaok otsailaren 7an hasi zuen bere zerbitzuen murrizketa, "pandemiaren eraginez mugikortasuna murriztu izanak gutxiago garraiatu behar izatea ekarri zuelako". Gainera, pandemiaren azken olatuak gogor jo zituen langileak.
Mugikortasuna hazi egin da, eta gaur egun Metro Bilbaok 2019ko garraio-eskariaren % 87'5 asetzen du. Bidaia gehien goizean egiten dira, 07:00-09:00 tartean, eskari osoaren ia % 90 tarte horretan izaten baita.
Konpainiak jakinarazi duenez, metroko trenen barruko airea 3,5 minutuan behin berriztatzen eta geltokietan gel hidroalkoholikoa banatzen jarraituko dute, baina metroaren instalazio guztietan maskara nahitaez jantzita izan behar dela gogorarazi du.