koronabirusa
Eusko Jaurlaritzak astelehenean berrituko ditu covid-19a kontrolatzeko irizpideak
agentziak | eitb media
Datorren astelehenetik aurrera, pandemiaren jarraipena "are gehiago" zentratuko da talde zaurgarriko pertsonengan, horiekin harreman zuzena dutenengan eta sintoma larriak dituztenengan.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren covid-19ari aurre egiteko Kontrol eta Zaintza Estrategia datorren astelehenean sartuko da indarrean, eta pandemiaren jarraipena "are gehiago" zentratuko da talde zaurgarriko pertsonengan, horiekin harreman zuzena izan dutenengan eta sintoma larriak dituztenengan.
Asteartean ezarri zutenez, kasu arinak eta asintomatikoak ez dituzte bakartuko, eta harreman estuek ez dute koarentenarik egingo aurrerantzean.
Orain, Jaurlaritzak zuhurtziaz jokatzeko eskatu du, covid-19a "ez baita oraindik amaitu", eta jakinarazi du martxoaren 28an euskadi.eus webguneko koronabirusari buruzko "Nola jokatzen dut?" atala berrituko duela, herritarrek egoera zehatzetan nola jokatu jakin dezaten.
Talde zaurgarrikoa bazara, inprimaki bat bete beharko duzu, Osakidetzak proba diagnostikoa egin ahal izateko. Osakidetza zurekin harremanetan jarriko da, SMS edo dei bidez, probaren hitzordua jakinarazteko. Bitartean, ardura handiz jokatzeko gomendatzen du, musukoa uneoro eta egoki erabiltzeko, eta interakzio sozialak "ahalik eta gehien" mugatzeko.
Aholku berdinak eman dizkie Osakidetzak talde zaurgarrian ez dauden pertsonei, sintomak behatzeaz gain (kasu gehienetan, arinak izaten dira). Sintomek okerrera egitekotan edo sintoma larriagoak agertzekotan, Osasun Zentroarekin edo Osasun Kontseiluarekin (900203050) harremanetan jarri beharko dute, edo Larrialdiekin (112), larriak direnetan. Sintoma larrien artean egon daitezke arnasteko zailtasuna, lau egun baino gehiagoz luzatzen den sukar altua edo eztul gogorra, besteak beste.
Proba diagnostikoan positibo ematen dutenek ardura handiz jokatu beharko dute, interakzio sozialak murriztu, musukoa uneoro erabili eta eskuen higiene egokia mantendu, sintomak agertu eta hurrengo 10 egunetan edo proba egindako egunetik, sintomarik egon ez bada.
Gainera, pertsona zaurgarriekin harremana izatea saihestu beharko da, baita ekitaldi jendetsuetan parte hartzea ere. Posible izatekotan, telelana gomendatzen da. Era berean, harreman estuei abisatu beharko zaie.
Pertsona zaurgarrien zaintzaileei edo osasungintzako langileei dagokienez, lantokira joan beharko dute sintomak hasi direnetik lehen bost egunetan zehar, edo proba egindako egunetik.
Denbora hori pasata eta betiere 24 ordu igaro badira, sintomen desagerpenaren ostean, beste proba diagnostiko bat egin beharko da.
Harreman estuentzako ere irizpideak eman ditu Osasun Sailak, alegia, kasu positibo batekin espazioa partekatu duten horientzako; bi metro baino gutxiagoko tartearekin, 15 minutuz baino gehiagoz eta musukoaren erabilera jarrai edo etengabekorik gabe, proba egin edo sintomak agertu aurreko 48 orduetan.
Hala izatekotan, ez dute koarentenarik egin beharko. Hala ere, sintomen agerpena behatu beharko dute, musukoa egoki erabili, pertsona zaurgarriekin egotea saihestu eta ekitaldi jendetsuetan parte hartzea saihestu, kontaktua izatetik hurrengo 10 egunetan.