Itxi

koronabirusa

Zubia: "Neurriak arindu behar dira, eta ondoren zer gertatzen den neurtu"

itxaso leon kareaga | eitb media

Leer en Castellano

Koronabirusari aurre egiteko estrategia berria sartuko da indarrean astelehenean, EAEn. Donostiako Ospitaleko ZIUko buruaren arabera, "noizbait" iritsi behar du prozedura berriak, baina komeni da emaitzak neurtzea.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Astelehen honetan, indarrean sartuko da Eusko Jaurlaritzaren covid-19ari aurre egiteko estrategia berria. Hala, kutsaketen aurrean, prozedura aldatuko da, hartu beharreko neurriak arinduko dira eta pandemiaren jarraipenaren fokua talde zaurgarrietako pertsonengan egongo da, bereziki. Felix Zubia Donostiako Ospitaleko ZIUko buruak ontzat eman du prozedura berria, Euskadi Irratian: "noizbait" hasi behar duela uste du, betiere ondoren egoera ondo neurtuta.

"Orain arte gaitza aurreikustea oso zaila izan da, eta orokorrean ez da asmatu", adierazi du Zubiak. Hori dela eta, uste du egokiena dela neurriak arintzea "eta gero zer gertatzen den ikustea". Haren aburuz, "egia da noiz edo noiz hasi beharra dagoela, baina neurtu beharko da, eta intzidentzia behatu".

Barrualdeetan musukoaren erabilera kentzeari buruz, Zubiak mantendu du haurrekin hasi beharko litzatekeela, "modu antolatuan, eta horrek gero neurtzeko aukera emango du". Azpimarratu du adin-talde horrek duela, gainera, intzidentziarik txikiena unean. "Pandemian zehar gehien sufritu duen taldea da, eta gutxien zaindu duguna", gaineratu du.

Helduengan, berriz, aldaketa horren emaitzak neurtu eta gero hastea proposatu du. Medikuaren arabera, "ezin da dena kolpetik egin; gero ez dakigu neurri bakoitzak zenbaterainoko eragina duen". Halaber, musukoa kentzen hasi baino lehen, lantokietan eta bestelako esparru itxietan dauden metakrilatozko panelak kentzeko "garaia iritsi" dela uste du, ez baitituzte aerosolak galarazten.

Bestalde, Frantziak 65 urtetik gorakoei laugarren dosia hartzeko eman dien aukera izan du hizpide. Ez du uste biztanleria orokorrari zabaltzeko beharrik dagoenik, ez baitago horretarako ebidentzia zientifikorik: "antigorputz maila ez da handitzen, hirugarren dosiarekin alderatuta. Edonola ere, adineko pertsonen edo immunitate arazoak dituztenen kasuan, "hirugarren dosiarekin ikasi dugu, zalantzarik gabe, behar zutela". Talde zaurgarrienetarako, beraz, egoki ikusi du Zubiak neurri hori Hego Euskal Herrira ere zabaltzeko aukera.

 

 

Audioak (1)