Koronabirusa
Pandemiaren adierazle guztiak hobetu dira, baina heriotzak 18ra igo dira
Naiara Ballesteros | EITB Media
Astebete lehenago baino bi heriotza gehiago dira. Hala ere, intzidentzia metatuak, R0 indizeak eta ZIUetako gaixoen kopuruak behera egin dute.
18 lagun hil dira martxoaren 21a eta 27a bitartean Euskal Autonomia Erkidegoan covid-19ak jota, aurreko astean baino bi gehiago. Pandemiaren bilakaeraren gainerako adierazleek hobera egin dute Euskadin, batez ere positibotasunak, % 11,6ra jaitsi baita.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehen honetan zabaldutako azken buletin epidemiologikoak, martxoaren 21a eta 27a bitarteko datuak biltzen dituenak, jaso duenez, EAEn 5.083 covid kasu erregistratu dira aste horretan, hau da, duela zazpi eguneko asteko kasuak baino 423 gutxiago. Horietatik 301 azken jardunaldiari dagozkio, aurreko hilabetetik izandako kopururik txikiena, zehazki otsailaren 27tik, 299 positibo izan baitziren orduan.
Positibotasun tasa, bestalde, % 11,6ra jaitsi da, eta duela hiru hilabete baino gehiago, abenduaren 19tik, ez zen ematen datu hori.
Horrela, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatuak behera egin du, eta, zehazki, 481,38an amaitu du astea (duela zazpi egun baino 5,18 puntu gutxiago).
Araban, 500 kasutik gora dago, 100.000 biztanleko 509,07 erregistratu baitira 14 egunetan. Bizkaian, 474,74koa da, eta Gipuzkoan, berriz, 470,81era jaitsi da.
Zazpi eguneko intzidentzia metatuak, epe laburreko bilakaera markatzen duenak, joan den ostegunetik jaitsiera jarraitua erakusten du, eta 231,08koa da jada.
Bestalde, oinarrizko birsorkuntza-tasa (R0), gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena, % 0,92koa da erkidego mailan.
Gipuzkoak du adierazlerik baxuena, 0,88koa, Bizkaian 0,94koa da eta Araban 0,95ekoa.
Azkenik, ospitaleetako egoerari dagokionez, gora egin du gela arruntetako okupazioak: duela astebete 147 pazientek zuten covid-19a, eta igande honetan, 158k. Hala ere, Zainketa Intentsiboetako Unitateetan gaixotasun hori zuten 21 pertsona zeuden duela astebete, eta 16, berriz, igande honetan.
Datu horiek, hain zuzen ere, pandemiaren aurkako estrategia berria indarrean sartu den egunean jakinarazi dituzte. Estrategia horretan, kasu arin eta asintomatikoen isolamenduak, haien kontaktuen koarentenak eta izaera orokorreko probak ezabatzen dira.