KORONABIRUSA
Sagarduik pandemiaren joera-aldaketa eta kutsatutako pertsonen beherakada txiki bat iragarri ditu
Naiara Ballesteros | EITB Media
Osasun sailburuak ZIUen bilakaera positiboa nabarmendu du, "azken 20 hilabeteetako okupaziorik baxuena" baitute.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren hitzetan, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) koronabirusari buruzko datuek ez dute aldaketa handirik islatzen pandemiaren azken asteetako bilakaeran, baina joera aldaketa bat eta kutsatzeen kopuruan beherakada txiki bat atzeman daitezke. Gainera, ZIUetako bilakaera positiboa nabarmendu du, "azken 20 hilabeteetako okupaziorik txikiena" baitute.
"Euskadi egonkortasun erlatiboko etapa batean dago, goranzko joera txiki batekin, baina azken lau egunetan joera hori aldatu egin dela dirudi. Datozen egun eta asteetarako, ez da pandemiaren bilakaera bizkorrik aurreikusten, kutsatutako pertsonen kopuruak apur bat behera egitea espero dugu", azpimaratu du.
Sagarduik agerraldia egin du astearte honetan, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluaren bileraren ostean, pandemiak azken asteetan izandako bilakaeraren, ospitaleetako egoeraren, lehen mailako arretaren eta atzo indarrean sartu ziren zaintza epidemiologikorako irizpide berrien berri emateko.
Atzo 594 kasu positibo diagnostikatu zituzten, eta 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 468,52 kasukoa da. Gainera, oinarrizko birsorkuntza-tasa 1etik jaitsi da, ia hilabete osoa gainetik egon ondoren.
"Horrek guztiak pentsarazten digu datozen egun eta asteetan ez dugula aldaketa handirik izango pandemiaren bilakaeran", adierazi du Sagarduik.
Ospitaleetako egoerari dagokionez sailburuak esan duenez, hobera egin du azken hilabetean, bereziki ZIUetan. "Bilakaera oso ona izan du, azken 20 hilabeteetako baxuena hain zuzen", gaineratu du.
"Duela hilabete 162 pertsona zeuden ospitaleratuta, 49 zainketa intentsiboetako unitateetan, eta aurreko astean 79 heriotza izan ziren", jakinarazi du. Ospitaleetako azken datuen arabera, igandean covid-19a zuten 149 pertsona zeuden ospitaleratuta gela arruntetan eta 16 pertsona zainketa intentsiboetako unitateetan. Gainera, azken astean 18 pertsona hil dira.
Hala, adierazi duenez, gaur egun, epidemia-egoera honen aurrean, "osasun-sisteman duen eragina moderatua dela esan daiteke, eta Osakidetzak erantzuna eman dezake ohiko gainerako jarduerak baldintzatu gabe".
Lehen Arreta
Lehen mailako arretan ere lan-karga murrizten hasi da, eta horrek "eskaera kudeatzeko tresna berriak hedatzea ahalbidetu digu", esan du.
Martxoaren 1ean, Osakidetzak aurretiko hitzordua hartzeko aukera jarri zuen martxan webean, osasun-zentroetan zita azkarra hartzeko. Tresna erabat zabalduta dago Euskadi osoan, eta lehenengo lau asteetan 100.000 hitzordutik gora bideratu ditu, eta horrek telefono-dei ugariri erantzun behar ez izatea ekarri du, sailburuaren hitzetan.
"Baina garrantzitsuena da egiaztatzen dela, joera hori aspaldi ikusten ari ginen arren, tresna horren laguntzaz, aurreko urteetako datuekin alderatuta, behera egin duela familiako medikuntzako langileei zuzendutako kontsulten kopuruak, erizainei zuzendutakoen kopuruak gora egin duen bitartean", azaldu du.
Sailburuak emandako datuen arabera, tresna berri horren bidez emandako hitzorduetatik, osasun-arrazoiei dagozkienetatik, administrazio-izapideak ez direnetatik, % 60 familia-medikuntzako langileek artatzen dituzte, 2019an % 73 izan ziren arren; eta % 23 inguru erizaintzako kontsultetan artatzen dira, 2019an espezialitate horretatik hitzorduen % 14 bideratu zituzten arren. Gainerakoak Pediatriakoak dira, baina horiek ez dira aldatu, Sagarduiren esanetan.
"Horrek aditzera ematen du eskaria kudeatzeko sistema funtzionatzen ari dela. Hau da, osasun-arretaren eskaria hasiera-hasieratik dagokion profil profesionalera bideratzen ari da, kasu honetan erizaintzara, medikuntzatik pasatu gabe", gaineratu du.