Itxi

''Hazitik gora''

Euskal Eskola Publikoak jaia ospatuko du aurten, pandemia tarteko bi urtez bertan behera izan ostean

Agentziak | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Festa Bastidan (Arabar Errioxa) egingo dute ekainaren 5ean. "Birritan kale, hirugarrenean irabazle", aldarrikatu du Lurdes Imaz EHIGE Euskal Eskola Publikoaren aldeko gurasoen konfederazioko presidenteak.

Antolatzaileak eta guraso elkartearen ordezkariak, jaiaren aurkezpenean. Argazkia: @EHIGE1

"Birritan kale, hirugarrenean irabazle". Esaldi horrekin iragarri du Lurdes Imaz EHIGE Euskal Eskola Publikoaren aldeko gurasoen konfederazioko presidenteak aurten Euskal Eskola Publikoak jaia ospatuko duela. Pandemia tarteko, bi urtez segidan bertan behera utzi behar izan dute festa, baina hirugarren honetan, egin egingo dutela jakinarazi dute.

29. jaia ekainaren 5ean egingo dute, "Hazitik gora" lelopean, 2020an ospatu behar zen leku berean: Bastidan, Arabar Errioxan.

Eskola publikoak hezkuntza sisteman duen garrantzia aldarrikatzeaz gain, Arabar Errioxako sei ikastetxeen (Labastida, Eltziego, Lantziego, Oion eta Biasteriko eskola eta institutua) lana eta transformazio ahalegina goraipatu nahi dituzte. "Arabako hiriburutik urrun eta Errioxako mugatik gertu egonda, ezinbestekoak dira kalitatezko hezkuntza euskaldun bat bermatzeko", defendatu du Imazek.

Eskola txikiak dira seiak, eta tamainari esker, ikasle bakoitzaren beharretara molda daitezke, eta sarean lan egin dezakete. Jaiaren irudiak ernamuintzen ari den hazia irudikatzen du kolore desberdinekin, Arabako Errioxako eskola publikoaren eraldaketa prozesua islatuz.

Jaiaren egitarau osoa aurrerago aurkeztuko dute. Dena dela, EHIGEko kideek aurreratu dute ekitaldiak bost gunetan banatuko dituztela: Bastidako eskola, herriko plaza, igerilekuak eta eskola aurreko zelaigunea, eta Irakaslearen plaza. Ekainaren 5erako ez ezik, larunbaterako ere antolatu dituzte ekintzak.