Itxi

koronabirusa

Felix Zubia: "Izango da musukoa kentzeko garaia eta modua, baina pixkanaka eta neurtuta"

itxaso leon kareaga | eitb media

Leer en Castellano

Donostiako Ospitaleko ZIUko buruak Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan azaldu duenez, azken bi asteetan ez da koronabirus kasu berririk sartu ospitalean. Osakidetzaren azken datuen arabera, 16 pertsona daude unean EAEko ZIUetan covid-19a dela eta.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Osakidetzak ostegunean igorritako azken datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko ZIUetan 16 gaixo daude unean koronabirusagatik. Kanpoaldeetan musukoaren derrigortasuna kendu zenetik bi hilabete igaro diren honetan, Felix Zubia Donostia Ospitaleko Zaintza Intentsiboetako Unitateko buruak Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan azaldu du badirela bi aste ZIUetan ez dela koronabirus kasu berririk sartu.

Zubiaren hitzetan, paziente batzuk beste gaitzengatik hurbiltzen dira ospitalera, eta ondoren koronabirusa ere badutela ikusten dute, "baina ospitalean nahiko lasai gaude", oro har.

Musukoaren erabilerari buruz galdetuta, adierazi du ez zela intzidentziaren igoerarik espero kanpoaldeetan musukoa erabiltzeari utzi izanagatik. Izan ere, "bagenekien kanpoaldean musukoaren eragina oso mugatua zela, 20 aldiz arrisku gutxiago" suposatzen baitu. "Inauterien ondoren gorakada izan zen intzidentzian, baina ez ospitaleratzeetan, eta pixkanaka badoa dena bere tokira".

Edonola ere, Zubiak gogorarazi du aurrerantzean neurketak ez direla hain zehatzak izango eta "modu estimatuan" egingo direla.

Musukoaren erabilera barnealdeetan

Zubiaren arabera, pandemia itxuraz kontrolpean dagoen arren, "ikusi beharko dugu" nolako bilakaera izango duen intzidentziak. Gogorarazi du barnealdeetan musukoa erabiltzeari buruzko neurriak arindu dituzten "Europako herrialde dezentetan" kasuen gorakada izan dutela.

Azpimarratu duenez, "izango da musukoa kentzeko garaia eta modua" baina, betiere, "pixkanaka eta neurtuta".

Audioak (1)