Euskara
Seaskako ordezkariak Hezkuntza ikuskariarekin bilduko dira, azterketak euskaraz egiteko eskubidearen harira
EITB MEDIA
Seaskako gurasoek eta irakasleek Hezkuntza Ikuskaritzaren egoitzak okupatu dituzte Donapaleun, Donibane Lohizunen eta Baionan, brebeta eta baxoaren probak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko. Errektorearekin hitzordua lortu dutenean, okupazioa amaitzea erabaki dute.
Seaskako guraso eta irakasle talde batek Hezkuntza Ikuskaritzaren egoitzak okupatu ditu arratsalde honetan Donapaleun, Donibane Lohizunen eta Baionan, euskaraz ikasten duten ikasleek azterketak hizkuntza horretan egiteko eskubidea dutela aldarrikatzeko.
Duela zenbait aste, bilera eskatu zioten Bordeleko Hezkuntza errektoreari brebeta eta baxoa euskaraz egiteko eskubideaz hitz egiteko eta Frantziako Ministerioak kaleratutako zirkularraren ingurukoak argitzeko, baina erantzunik jasotzen ez zutela ikusita, protesta ekintzak abiatzea erabaki dute.
Horrela, bada, 16:00etan Hezkuntza Ikuskaritzaren aipatu hiru egoitzak okupatu dituzte, eta mobilizazioak laster eman ditu bere fruituak; izan ere, lau ordu geroago, errektoarearekin biltzeko hitzordua lortu dute: datorren asteazkenean (14:00) batzartuko dira.
Gauzak horrela, okupazioa bertan behera uztea erabaki dute, baina, edonola ere, mobilizatzen jarraitzea ezinbestekoa izango dela azpimarratu du Seaskak, "bilera emankorra izan dadin".
Hitzordua lortua!!!! @seaskaikastola asteazkenean biltzen da errektorearekin 14:00etan.
— Piarres Larzabal kolegioa (@PiarresL) April 7, 2022
Hitzordu hori emankorra izan dadin, mobilizatzen segitu beharko dugu!!!
Milesker mugitu zareten guztioi!!! Zuen beharra beharko dugu laster!!!!