Koronabirusa
Intzidentzia 300 kasutik behera kokatu da Euskadin, eta 12 pertsona hil ziren aurreko astean covid-19agatik
Mikel Dominguez | EITB Media
Lehengo astean baino 10 hildako gutxiago utzi du pandemiak, beraz. ZIUetan 10 pertsona daude, orain dela astebete baino 2 gutxiago. R0, ordea, igo egin da, eta 1etik gora kokatu da.
12 pertsona hil ziren Euskadin covid-19ak jota joandako astean, hau da, aurrekoan baino 10 gutxiago (22 izan ziren), Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak argitaratu duen eta apirilaren 4tik 10era arteko datuak biltzen dituen txostenaren arabera.
Modu horretan, hildakoei dagokienez azken asteetako gorako joerari buelta eman zaio. Guztira, pandemia osoan zehar, 6.541 pertsona hil dira koronabirusarekin. Azken astean 37 pertsonako aldea egon da. Horietatik, 12k izan dute covid-19 heriotzaren kausa.
Zaintza intentsiboko unitateetan hamar pertsona daude ingresatuta. Aurreko igandean baino bi gaixo larri gutxiago daude, beraz. Ospitaleetako plantetako datua, aldiz, nabarmen igo da. 203 pertsona daude gela arruntetan ingresatuta, aurreko astean baino 73 gehiago.
Apirilaren 4tik 10era 3.353 koronabirus kasu berri erregistratu ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, aurreko astean baino 131 gehiago. Positibo tasa ere igo da, beraz, eta % 13,9 zen igandean.
100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia metatuak, ordea, beherako bidean jarraitzen du. Apirilaren 3an 377 kasukoa zen, eta atzo 299 kasura heldu zen. 2021eko azaroaren 20tik 300dik behera egon den lehenengo aldia da.
Arabak du intzidentziarik altuena, baina ia 80 bat puntu murriztu da astebetean. 335 kasukoa da orain. Gipuzkoan 293 kasukoa da intzidentzia metatua, eta baxuena Bizkaian dago, 280 kasuko intzidentzia baitu.
R0 indizeari, hau da, birusaren erreproduzitzeko ahalmena biltzen duen zenbakiari dagokionez, okerrera egin du egoerak. 1etik gora kokatu zen ostiralean, eta ordudanik ez da jaitsi. 1,05ekoa zen igandean. Horrek adierazten du kutsatutako pertsona batek bat baino gehiago kutsatuko dituela.