Itxi

Eskubideak

Bilboko epaitegi batek 26 asteko amatasun baimena aitortu dio semea bakarrik hezitzen ari den ama bati

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

Konkretuki, jaiotze eta zaintzako 16 asteez gain, beste 10 astez gozatzeko eskubidea aitortu dio, bi gurasoko familiekiko diskriminazioa saihesteko.

Imagen obtenida de un vídeo de EiTB Media.

Jaiotze eta zaintzako 16 asteez gain, beste 10 astez gozatzeko eskubidea aitortu dio Bilboko epaitegi batek semea bakarrik hezitzen ari den ama bati, bi gurasoko familiekiko diskriminazioa saihesteko.

Euskadiko LSB-USO sindikatuak jakitera eman duenez, jaiotzak, seme-alabatzat hartzeak edo harrera egiteak 16 asteko baimena ematen dio guraso bakoitzari Gizarte Segurantzaren kontura, eta gurasobakarreko familiari -kasu zehatz honetan ama ezkongabe bati- 16 aste soilik gozatzeko eskubidea onartu zioten.

Sindikatuak erabakia auzitara eraman zuen, eta lan-arloko epaitegiak apirilaren 8an ebatzitakoaren arabera, Gizarte Segurantzak "adingabearen eskubideak urratu ditu, berdintasun printzipioa hautsiz", bi guraso dituzten adingabeekin alderatuta.

Epaiak azaldu duenez, gurasobakarreko familiaren "adingabearen diskriminazioa" suposatuko luke, gurasoen egoera zibil edo baldintzagatik, eta "haurraren garapena hautsiko lukeen joera bat barneratzen da, denbora gutxiago zaintzeko eta inplikazio pertsonal txikiagoarekin" gainerakoekin konparatuta.

Lan-arloko epaileak azpimarratu duenez, "Espainian bi gurasoko familia sistema nuklearra aldatu da 70eko hamarkadatik", gurasobakarreko familia bezalako "eredu berriak sortuz".

Epailearen hitzetan, Estatistikako Institutu Nazionalaren arabera, 2019an gurasobakarreko 1.800.087 familia zeuden, eta bi gurasoko 18.625.000 familia, horietako 6 milioi baino gehiago seme-alabekin. Gizonek osatzen zituzten gurasobakarreko 357.900 familia, eta emakumeek 1.530.600.

"Gizarte Segurantzak gure gizarteko familia eredu anitzei tratu berdina emateko bidea zabaldu die sententziak beste epaitegi batzuei", nabarmendu du Jon Quintana LSB-USOko Ekintza Sindikaleko idazkariak.