Itxi

Osasuna

Jatorri ezezaguneko hiru hepatitis kasu larri atzeman dituzte Espainian

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

Oraingoz, ez dute kasurik atzeman Euskadin eta Nafarroan. Aldez aurretik, Erresuma Batuan egon dira kasuak.

Odol laginak. Argazkia: Pixabay

Madrilgo Osasun Kontseilaritza hiru umeren hepatitis kasu larriak ikertzen ari da, jatorri ezezaguna dutelako. Madril, Aragoi eta Gaztela-Mantxako 3 eta 7 urte arteko hiru adingabe dira.

Guztiek ospitaleratzea behar izan dute Madrilgo zentro batean, eta horietako bati transplante hepatikoa egin behar izan diote. Edonola ere, hirurek hobera egin dute, Osasun Kontseilaritzak azaldu duenez.

Iragan astelehenean, Osasun Ministerioak erkidegoei nazioarteko osasun alerta baten berri eman zien, Munduko Osasun Erakundeak Erresuma Batuko haurretan kasuak antzeman ondoren.

Konkretuki, azken asteetan Erresuma Batuko umeetan hepatitis kasu larriak areagotu direla jakinarazi du ECDC Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroak. Kasuek jatorri ezezaguna dutela ohartarazi du erakundeak.

ECDCk ez daki zein den hepatitis kasuen arrazoia; izan ere, eritasuna eragiten duten ohiko birusak (A, B, C, D eta E hepatitisaren birusak) ez dira agertu. Era berean, ohiko eragileak baztertu dira, bidaia aurrekariak adibidez.

Nazioartean egindako lehen ikerketen arabera, covid-19aren aurkako txertaketarekin edo infekzioarekin zerikusirik ez du gaixotasunak, nahiz eta Ingalaterran ospitaleratutako ume batzuek koronabirusean positibo eman.

Sintomak eta prebentzio neurriak

Sintomak sabeleko mina, gorakoa edo horitasuna dira. Nazioarteko alertaren arabera, gaixo gehienek hobera egiten dute, baina portzentaje txiki batek transplante hepatikoa behar du.

Eskuak sarritan garbitu, ukalondoko barnealdearekin eztul egin eta erabili eta botatzeko mukizapiak erabiltzeko gomendioa eman du Osasun Ministerioak.

Gainera, egun gutxitan sintomak okerrera eginez gero pediatrari kontsulta egitea gomendu dute. Haurrek medikuak edo pediatrak agindutako botikak soilik har ditzaketela gogorarazi dute.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak abisu bat bidali die Osakidetzako profesionalei. Ohar horretan jasotako edozein susmo izanez gero, profesionalak harremanetan jarriko dira Osasun Publikoko epidemiologia-zerbitzuarekin. Osasun Sailak lasaitasuna eskatu die herritarrei.