Emakumeen aurkako indarkeria
Serieko bortxatzaileak helegitea jarri du Beasaingo eta Lasarte-Oriako kasuen zigorren aurka
agentziak | eitb media
15 eta 9 urteko kartzela-zigorrak jaso zituen bi udalerri gipuzkoarretan egindako sexu-erasoengatik.
Gipuzkoako serieko bortxatzaileak helegitea jarri du EAEko Justizia Auzitegi Nagusian Beasainen eta Lasarte-Orian egindako sexu-erasoengatik jaso zituen 15 eta 9 urteko kartzela-zigorren aurka, Efe albiste-agentziak kasuko iturriak aipatuta jakinarazi duenez.
Beasaingo sexu-erasoa 2019ko uztailaren 13an izan zen. Bortxatzaileak etxeko atarian itxaron zion biktimari, kloroformoarekin lokartu eta etxe barruan bortxatu zuen.
Hain zuzen ere, kasu horri tiraka eten ahal izan zituzten erasoak, Ertzaintzak atxilotzea lortu baitzuen ikerketa zorrotz bati esker.
Martxoaren 3an Gipuzkoako Auzitegiak azpikeriaz egindako sexu-erasoagatik eta lesio delituengatik zigortu zuen bortxatzailea, baina ez zion legez kanpoko atxikitzea egotzi.
Hiru egunera, Auzitegiak bederatzi urteko kartzela-zigorra ezarri zion Lasarte-Orian egindako bortxaketa batengatik.
Ebazpenaren arabera, bortxaketa hori 2015eko urtarrilaren 1ean gertatu zen, biktima etxera itzultzen ari zen Urtezahar gaua lagunekin pasatu ostean, eta bortxatzaileak kloroformoarekin lokartu zuen biktima, sexu-erasoa egiteko.
Bi bortxaketa horiez gain, gizonezkoa berriro epaituko dute Andoainen, Tolosan eta Anoetan egindako bortxaketa batengatik eta bi sexu-eraso saiakeragatik.