ELKARRIZKETA
Bengoa: "Lantokian aireztapen txikia badago, hobe da maskara erabiltzen jarraitzea"
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Osasun Publikoko adituaren esanetan, beste aldaerarik agertu ezean, ez dugu atzera egingo. Nolanahi ere, proba egiten eta sistema publikoari informazioa ematen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du, datuak biltzen jarraitzeko.
Rafael Bengoa Osasun Publikoko adituak Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan adierazi duenez, enpresek aireztapena ondo aztertu beharko dute, eta, baxua bada, komeni da maskara eramaten jarraitzea. "Kasu gehienetan gaixotasuna arina izango bada ere, baliteke langilea etxera itzultzea, pertsona zaurgarri bat kutsatzea eta horri bizitza zailtzea", gogorarazi du.
Ministroen Kontseiluak barrualdeko toki gehienetan maskara eramateko betebeharra ezabatuko duen dekretua onartzeko ordu gutxi falta direnean, Bengoak uste du badela horretarako garaia. Hala ere, datozen asteetan kutsatzeek gora egingo dutela onartuta, kutsatuek, "oro har, gaixotasuna sintoma arinekin pasatuko dute", gaineratu du. Pertsona immunodeprimituei eta zaurgarriei, baina, maskara eramaten jarraitzeko deia egin die, arrisku handiko pertsonak baitira.
Arauaren xehetasunak ezagutu zain, bihartik aurrera maskara osasun-zentroetan, adinekoen egoitzetan, farmazietan eta garraio publikoan bakarrik izango da derrigorrezkoa. Lantokiei dagokienez, laneko arriskuen prebentzioko zerbitzuek baloratuko dute eraman beharra dagoen ala ez.
Zentzu horretan, enpresen aireztapenaren kalitatea ondo ezagutzea garrantzitsua dela uste du Bengoak. "Eskasa bada, langile horiek erabaki beharko dute arriskua onartzen duten edo maskararekin jarraitzen duten", adierazi du. "Aireztapena baxua bada, hobe da eramatea", erantsi du.
Era berean, oraindik hilkortasun handia duen birus baten aurrean, adituaren aburuz, ez du zentzurik birusa normalizatzea eta langile bat, kutsatuta badago, lantokira joatea. "Etxean geratzea tokatzen da", adierazi du. Hala, sintomarik izanez gero, proba egitea komeni dela dio, eta sistema publikoari ematea horren berri, datuak biltzen jarraitzeko: "Birusak oso azkar hedatzen jarraitzen du, eta oso eraginkorra izaten ari da aldaerak sortzen", gogorarazi du. Dena dela, ez du uste oraingoan "atzera egingo dugunik".
Ildo horretan, kontuan hartuta txertatutako jende kopuru eta biztanleriaren zati handi bat kutsatu dela, Bengoak adierazi du pixkanaka, udari begira, bestelako erabaki batzuk hartuko direla eta maskara leku gehiagotan ezabatuko dela.