Itxi

hepatitis

"Agente infekzioso" bat egon liteke umeen artean atzemandako hepatitis kasu batzuen atzean

AGENTZIAK | eitb media

Leer en Castellano

Analisi toxikologikoak egiten ari diren arren, jatorri infekziosoa duela da hipotesi nagusia, Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroaren arabera.

Odol-laginak. Artxiboko argazkia: Pixabay

Duela egun gutxi haurren artean jatorri ezezaguneko hepatitis kasu larriak antzeman zirela jakitera eman ondotik, Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroak (ECDC) "agente infekzioso" bat aipatu du gaixotasunaren kausa nagusitzat. Oraingoz, Espainian hepatitis arraro horren hiru kasu agertu dira, bat bera ere ez Euskadin eta Nafarroan.

Zure interesekoa izan daiteke: Zeintzuk dira hepatitisaren sintomak?

"Oraingoz ez dakigu zein den haur horien hepatitisaren kausa zehatza", adierazi du ECDCk. Hala ere, erakundeak jakinarazi duenez, litekeena da arrazoia infekziosoa izatea, ikertzen ari diren kasuen ezaugarri kliniko eta epidemiologikoei erreparatuz gero". Era berean, ez dute baztertzen "balizko esposizio toxikoa". Gogoratu Erresuma Batuko haurretan atzeman dela, batez ere, gaitza.

Jakinarazi dutenez, ez dute loturarik topatu covid-19aren aurkako txertoarekin, eta elikagaien eta edarien inguruan galdeketa egin ostean ere, ez da guztiek komunean duten ezer narbarmenik identifikatu. "Ikerketa toxikologikoak abian dira, baina litekeena da etiologia infekziosoa izatea, koadro epidemiologikoa eta kasuen ezaugarri klinikoak kontuan hartuta", laburbildu du erakundeak.

Erantsi du ez direla agertu eritasuna eragiten duten ohiko birusak (A, B, C, D eta E hepatitisaren birusak). Sintomei dagokionez, berriz, sabeleko mina, gorakoa edo horitasuna dira nabarmentzekoak. Nahiz eta haur gehienek bilakaera ona izan duten, batzuek arreta behar izan dute haurren gibeleko unitate espezializatuetan, eta gutxi batzuei gibel transplantea egin behar izan zaie.

Osasun adituek eskuak maiz garbitzea, eztul egitean ukondoaren barnealdearekin estaltzea eta erabili eta botatzeko musuzapiak erabiltzea gomendatu dute prebentzio-neurri nagusi gisa.

Albisteak (1)