Lurraren Eguna
Datuak daudenetik inoizko udarik beroena izan zen 2021ekoa
O.P. | EITB Media
2021eko Europako Klimaren Egoerari buruzko txostenak agerian utzi du iazkoa kontrasteen urtea izan zela; markak hautsi ziren, zentzurik txarrenean, bai tenperaturetan, prezipitazioetan, kutsaduran edo izotz-masaren gutxitzean.
2021eko uda datuak daudenetik Europan izan den beroena izan zen, eta bero-bolada handiak eta lehorteak eragin zituen Mediterraneoko eremuan, Copernicusen 2021eko Europako Klimaren Egoerari buruzko txostenaren datuen arabera.
Lurraren Egunaren harira, ostiral honetan argitaratu da, duela bost urtetik hona urtero udaberrian argitaratu ohi den txostena. Copernicus-eko Klima Aldaketaren Zerbitzuak (C3S) aurkeztu du, Europako Batzordearen ordezkari gisa.
Dokumentuak Europa eta Artikoa ditu ardatz, eta gertaera klimatikoak aztertzen ditu gertatzen ari dena ulertzeko. Datu horiek egungo egoera interpretatzeko balio diote Copernicusi, eta etorkizunerako estrategiak markatzeko balioko dute.
Txostenaren arabera, iaz markak hautsi ziren, zentzurik txarrenean, bai tenperaturei, prezipitazioei, kutsadurari eta izotz-masaren jaitsierari dagokienez.
2021ean berotegi-efektuko gasen kontzentrazioak (BEG), berotze globalaren eragileak, gutxienez 2 milioi urtean edozein unetan baino handiagoak izan ziren.
Txostenaren arabera, 2021a kontraste-urtea izan zen Europan; martxoa ohi baino epelagoa izan zen, eta ohiz kanpoko bolada hotza etorri zen gero, kalteak eraginez labore eta uztetan. Uda erregistroak daudenetik izan den beroena izan zen, 1991-2020 epealdiko batez besteko tenperatura baino 1,0 ºC beroago.
2021eko udan, "muturreko estres termikoa" izan zuten egun-kopuru errekorra izan zen Europako hegoaldean, eta fenomeno horrek erasandako eremua 1991-2020 epealdikoa halako bi izan zen gutxienez. Espainia eta Italia izan ziren kalte gehien jasan zituzten lurraldeak, baita Greziako eta Balkanetako eremu zabal batzuk ere.
Turkian, Grezian eta Italian baso-sute handiak izan ziren.
2021eko uztailean, prezipitazio eta ibai emarien markak hautsi ziren eta muturreko uholdeak eragin zituzten Belgikako, Alemaniako eta inguruko herrialdeetan.
Era berean, haizearen abiadura baxua izan zen mendebaldeko Europan, 1979tik izandako baxuena, zenbait herrialdetan. Ondorioz, energia eolikoaren ekoizpen potentziala murriztu egin zen; zientzialarien ustetan, kontuan hartu beharreko alderdia izango da hori etorkizuneko azpiegiturak eraikitzeko.
Uraren tenperatura eta izotz-masa
Itsas-azaleraren urteko tenperaturei dagokienez, 2021ekoak bosgarren eta zazpigarren tenperaturarik beroenen artean kokatu ziren, eta Mediterraneo ekialdeko eta Baltikoko eremu zabaletan, gutxienez 1993tik izandako tenperaturatik altuenetara iritsi zen. Ekainean eta uztailean, Baltikoko zenbait eremutako itsas-azaleraren tenperatura batez bestekoa baino 5 ºC altuagoa izan zen.
Gainera, 2020ra arteko datu bateratuekin eta tenperaturen igoerarekin, Groenlandiako eta Antartikako izotz-geruzek masa galtzen jarraitu dute; Groenlandian itsas izotzaren hedadura erregistroak daudenetik txikiena da.
Artikoan, itsas izotzak urteko hamabigarren minimoa markatu zuen irailean.
Mundu mailan, itsas mailak gora egiten jarraitu zuen 2021ean; 1993tik 9 zentimetro inguru igo da itsasoaren maila.