ARRAZAKERIA
Jendarmeek Baionan neskato baten aurka izandako jokabide arrazista salatu dute
EITB MEDIA
Pausa migratzaileen harrera zentroaren inguruan gertatu da. Poliziek adin txikiko neskato bat gelditu dute, eta atzetik zihoan amak kargu hartu die, azalaren koloreagatik gelditu dutela iritzita.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Jendarmeen jokabide arrazista salatu dute Baionan, Pausa migrarien harrera zentroaren inguruan. Poliziek adin txikiko neskato bat gelditu dute, eta atzetik zihoan amak kargu hartu die, azalaren koloreagatik gelditu dutela iritzita, Euskadi Irratiak jakin duenez.
Antza, ama zuria da eta alaba, beltza. Amak salatu du azalaren kolorearengatik gelditu dutela alaba.
Bart ilunabarrean gertatu zen, Pausa gunearen paretik igarotzen ari zirenean, alaba, beltza, aurretik, eta ama, zuria, atzetik. Une horretan, jendarmeek neskatoa gelditu zuten, eta emakumeak bere alaba zela esan ondoren, amari paperak eskatu zizkioten.
Bere alaba zela esan ondoren, eztabaidan hasi ziren. Irenek, amak, argi du zein zen jendarmeen helburua, alaba kontrolatzea.
Azkenean, abokatua ez ezik, Jean Rene Etchegaray Baionako auzapeza ere bertaratu zen, eta berak egin zituen bitartekari lanak. Amak aitortu duenez, lehen aldiz gertatu zaie halakorik, baina alabak jakin badaki beltza izate hutsagatik errekonozimendu kontrolak jasan ditzakeela.
Neskatoak 16 urte ditu, eta lasai eta ongi dagoela baieztatu du amak. "Badaki azal koloreagatik edozein momentutan kontrolatua izaten ahal dela, arrisku hori baduela", esan du Irenek Euskadi Irratiko mikrofonoen aurrean. "Nik beti esaten diot kontrolen batean geldituz gero niri deitzeko", gaineratu du.
Salaketa aurkeztu nahi duela aitortu badu ere, ondo daki horrek ez duela ondoriorik izango. "Nire ustez merezi du horrelako salaketak jartzea", adierazi du. Abokatuarekin hitz egin ondotik erabakiko dute zer egin.