Migrazioaren drama
Apirilaren 18an Bidasoa ibaira jausitako pertsona migratzaile gazte baten bila ari dira
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Duela bederatzi egun muga igarotzeko saiakeran Endarlatsa inguruan ibaira erori zela uste dute. Haren bila ari dira orain Ertzaintza eta Gurutze Gorria.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Apirilaren 18an muga igarotzeko saiakeran Bidasoa ibaira jausi omen zen pertsona migratzaile baten bila ari dira Ertzaintza eta Gurutze Gorria, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez.
Larrialdi zerbitzuen arabera, biktima uretara jausi zen Endarlatsako (Lesaka, Nafarroa) gune malkartsu batetik amilduta. Antza, beste bi pertsona zihoazen berarekin, eta, hain justu, horiek eman zuten atzo desagertzearen berri, pertsona migratzaileei laguntzeko gobernuz kanpoko erakunde baten bitartez.
Ertzaintza Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugaren ingurua miatzen ari da; Gurutze Gorria, berriz, Bidasoko bokalea eta Faisaien uhartea arakatzen ari da.
Bilatzeko lanak gaur bertan jarri dituzte martxan. Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzako teknikari batek koordinatuta, Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitatearen Uretako Sekzioa eta Hondarribiko Gurutze Gorriko kideak ari dira erreskate lanotan.
Desagertutako bosgarren migratzailea
Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariaren hitzetan, atzo jaso zuten Bidasoan desagertuta zegoen pertsonaren inguruko abisua, eta oraingoz "informazioa zehatza" ez bada ere, bilatzeko lanei ekin dietela. Frantziako agintariak ere jakinaren gainean daude.
Legarretak Ukrainaren inbasioagatik lekualdatutako pertsonei harrera egiteko jarraipen mahaiaren bileran egin ditu adierazpenok. Nabarmendu duenez, "beste behin, trantsitu seguruak eskatu behar ditugu; iragaitzazko pertsonak bide ez-seguruak erabiltzen dituzte, euren bizia arriskuan jarrita".
Ildo beretik mintzatu da Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua ere, eta "gatazka batetik edo gosearengandik ihesi" doan pertsona bat desagertuta egotea gaitzetsi du.
Gernikan (Bizkaia) egindako ekitaldi batean, Europako erakundeei zuzendu zaie sailburua eta eskatu die kontinente honetara "etorkizun hobe baten bila" datozen pertsona guztiei, izan errefuxiatu ala migratzaile, "tratu bera eta bidezkoa" ematea eta horientzat "korridore humanitarioak" ezartzea.
Bidasoa ibaian desagertutako bosgarren pertsona da honakoa. 2021ean hiru pertsona hil ziren eta aurten duela hilabete pasatxo, martxoaren erdialdean, zendu zen azkenekoa. Ibrahim Diallo 24 urteko migratzaile senegaldarra desagertu zen, eta handik 15 egunera topatu zuten hilotza.