Itxi

Mugikortasuna

Espainiako Gobernuak bidesariak baimenduko ditu hirietan; hauek dira neurria ezarri ahalko duten euskal udalak

itxaso leon kareaga | eitb media

Leer en Castellano

Espainiako Gobernua prestatzen ari den Mugikortasun Jasangarriaren Legeak udalen esku utziko du tasa hori ezarri edo ez erabakitzeko eskumena.

Trafikoa, Bilbon. Argazkia: EITB Media

Espainiako Gobernuak euren lurretik zirkulatzeagatik kobratzea baimenduko die aurki udalei. Ministroen Kontseiluak martxoaren hasieran eman zion lehen oniritzia Mugikortasun Jasangarrirako Lege aurreproiektuari.

Aurreproiektuak marko erregulatzaile berria ezartzen du Espainiako garraioan eta mugikortasunean. Tasa bat kobratzea baimenduko die udalei, Isurketa Baxuko Eremuetatik zirkulatu ahal izateko.

2023 amaitu aurretik onartzea espero den Lege berriak tasa bat kobratzea baimenduko die udalei, isurketa baxuko eremutzat dituzten aldeetan.

Isurketa baxuko eremua zehaztu beharko dute 50.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerriek, eta 20.000 biztanle baino gehiago dituztenek, aireko kalitatearen baldintzak kaxkarrak izatekotan. Biztanle kopuru horrek zenbait euskal udalerri ere jasotzen ditu.

Hala, printzipioz, horiek dira neurri hori erabili ahal izango luketenak, baina legeak ez du xedatzen zein baldintza eskaini beharko lituzketen.

Edonola ere, udalen erabakia izango da beti, horiek aukeratu beharko baitute isurketa baxuko eremu txikiak (horietan, zentzua izan dezake edonolako zirkulazioa debekatzeak) edo eremu handiagoak sortu (azken horien kasuan, zenbait ibilgailuri bakarrik baimenduko litzaieke zirkulazioa).

Hala, estatu mailako legeak herrialde osoko oinarrizko baldintzen homogeneotasuna bermatuko luke, baina udalerri bakoitzak erabaki ahal izango du tasa ezarri edo ez.

Legearen lau zutarriak

Espainiako Gobernuak azaldu du Lege berriak lau gako dituela, horren ezarpenaren onura nagusiak azpimarratuz.

Mugikortasuna, giza eskubide gisa

Herritarra politika publikoen erdialdean kokatzea; mugikortasun barneratzailea eta unibertsala erraztea, pertsona guztien beharretara egokituko dena; pertsona ororentzako mugikortasun konponbideak ezartzea, bizi diren tokian bizi direla; eta eguneroko mugikortasunaren beharrei erantzuna ematea lehenestea.

Mugikortasun garbia eta osasungarria

Mugikortasun garbiago bat bultzatzea, osasunarekin eta ingurumenarekin adeitsuagoa; oinezko eta bizikleta bidezko mugikortasun aktiboa sustatzea; eta salgaiak garraiatzeko sistemaren iraunkortasuna eta erresilientzia indartzea.

Garraio sistema digitala eta berritzailea

Garraiobidearen digitalizazioa bultzatzea herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko; garraioari buruzko datuak zabaltzea herritarrei eta enpresei zerbitzu hobeak eskaintzeko; eta mugikortasun konponbide berritzaileen ezarpena sustatzea.

Herritarren zerbitzurako hobeto inbertitzea

Azpiegituren segurtasunari eta mantenuari dagozkien garrantzia ematea; parte-hartzea indartzea inbertsio publikoei buruzko erabakietan; inbertsio publikoei buruzko erabakien justifikazioa hobetzea; gardentasuna eta kontuen errendatzea bermatzea; eta hiriko garraioaren mantenuan Estatuaren ekarpena bermatzea.

50.000 edo 20.000 biztanletik gorako euskal udalerriak

Mugikortasun Jasangarrirako Legea 50.000 biztanletik gorako udalerrietan sar liteke indarrean, eta horrek Hego Euskal Herriko lau hiriburuak hartzen ditu barne, besteak beste. Gainera, 20.000 biztanle baino gehiago dituztenen kasua ere aipatzen da, airearen kalitateak baldintza zehatz batzuk betetzen ez dituenetan; baina ikusteke daude oraindik kasu horiek.

Jarraian, lurraldeka gogoraraziko ditugu neurriak eragina izan dezakeen herri eta hiriak:

ARABA

50.000 biztanle baino gehiago:

- Gasteiz

BIZKAIA

50.000 biztanle baino gehiago:

- Barakaldo

- Bilbo

- Getxo

20.000 biztanle baino gehiago:

- Basauri

- Durango

- Erandio

- Galdakao

- Leioa

- Portugalete

- Santurtzi

- Sestao

GIPUZKOA

50.000 biztanle baino gehiago:

- Donostia

- Irun

20.000 biztanle baino gehiago:

- Arrasate

- Eibar

- Errenteria

- Hernani

- Zarautz

NAFARROA

50.000 biztanle baino gehiago:

- Iruñea

20.000 biztanle baino gehiago:

- Tutera

- Eguesibar