Migrazioa eta integrazioa
Atzerritar jatorriko herritarrak, XXI. mendeko krisi sozial eta ekonomikoek gehien kolpatuak
O. P. | EITB Media
Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiak 2018ko EAEko Etorkin Atzerritarrei buruzko Inkesta aurkeztu du gaur. Datuek agerian utzi dute, kolektiboak, errealitate anitzak dituen arren, prekarietate ekonomikoan eta lan prekarietatean jarraitzen duela oro har.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan bizi diren afrikar jatorriko pertsonak, EAEn denbora gutxi daramaten gazteak, prestakuntza-baliabide propiorik ez dutenak, neurri handi batean emakumeak, lanik eta lana lortzeko erraztasunik ez dutenak eta administrazio-egoera irregularrean daudenak; horiek dira, 2018ko EAEko Etorkin Atzerritarrei buruzko Inkestaren arabera atzerritik EAEra etorritakoen artean integratzeko zailtasun handienak dituztenak.
Hala azaldu dute adituek gaur goizean Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailarekin elkarlanean antolatuta, Bilboko Bizkaia Aretoan egiten ari diren jardunaldian.
Euskadiko etorkinen integrazioari buruzko joerak eta erronkak izeneko txostena dute gaur aztergai. Txosten hori 2018ko datuetan oinarrituta dago eta, beraz, ez dituzte barne hartzen data horretatik aurrera izandako krisien ondorioak -Covid-19arena-, ez eta ondorengo atzeraldi ekonomikoa ere. Hala ere baliagarri dira datuok azken urteetan EAEra etorritako pertsonen egoeraz jabetzeko.
Egoera sozioekonomiko, osasuna, hezkuntza, etxebizitza edo parte-hartze edo baztertze sozialaren inguruko datuak aztertzen dituzte inkesta horretan eta 2018ko datuek erakutsi zutenez, eta egoera sozioekonomikoari dagokionez, atzerritar jatorriko biztanleen kolektiboak prekarietate ekonomikoan eta lan prekarietatean jarraitzen du 2018an eta bereziki pairatu dituzte Euskadin XXI. mendean izan diren krisi sozial eta ekonomikoen ondorioak. Alde horretatik, txostenak azpimarratzen du garrantzitsua dela "atzerritar jatorriko biztanleen kolektiboari eragiten dion desberdintasun sozioekonomikoa gainditzea, batez ere gazteenen eta haurren artean".
Bestalde, enplegua lortzeari dagokionez, 2018an hobekuntza batzuk nabari diren arren, oraindik ere aukerak ez dira berdinak eta topatzen dituzten lanak bertako biztanleen lanen aldean prekarioak dira. Emakumeak, gazteak eta Afrikatik etorritako pertsonak dira arlo honetan kaltetuenak.
Bizitegi-eremuari dagokionez, 2018ko datuen arabera, datuek ez dute erakusten immigrazioari lotutako etxebizitzen egoera eskasa denik, oro har; ez da jende-pilaketa bezalako gabeziarik identifikatu eta ikusi da ia etxe guztiek dutela oinarrizko ekipamendua.
Hala ere, bizitegi-egoera okerragoan daudenak guraso bakarreko familiak (amarekin, batez ere), EAEn erroldatuta denbora gutxi daramaten pertsonak eta, administrazio-egoera irregularrean dauden atzerritar jatorriko pertsonak dira.
Jatorriari dagokionez, berriz ere Afrikatik etorritako pertsonak (Senegal, Magreb eta Saharaz hegoaldeko gainerako Afrika) eta Boliviakoak dira besteekin alderatuta bizitegi-egoera okerragoan daudenak, eta Europatik eta Txinatik etorritakoek, berriz, bizitegi-baldintza hobeak dituzte.
Osasunari dagokionez, 2018 EABIko datuen arabera, atzerritar jatorriko herritarrek osasun-egoera ona dute orokorrean, baina, aurrez zeuden datuekin alderatuta okerrera egin duela ikusi da, jatorriaren arabera salbuespen batzuekin. Emakume migratzaileek, gainera, gizonek baino osasun txarragoa dute.
Bestalde, datuek erakutsi dute hezkuntzaren arloan ere badirela desberdintasunak, hezkuntzarako sarbidea ez da berdina kolektibo osoan eta Senegaletik eta Afrikako gainerako herrialdeetatik etorritako pertsonak dira eskola-errendimenduan, nahiz hezkuntza- eta gizarte-integrazioan balio okerrenak dituztenak.
Horrez gain, ikusten da gaztelaniaren ikaskuntza ia ziurtatua dagoela hizkuntza-eredu guztietan, baina euskararena D ereduan baino ez dago ziurtatua, eta euskara ikasteko aukera txikiagoak dituzte B ereduan eta, batez ere, A ereduan.
Parte-hartzea eta integrazioa
Atzerritar jatorriko pertsonen integrazioa ulertzeko beharrezkoa da pertsona horien parte-hartze soziala eta harreman sozialak aztertzea, bai eta diskriminazioa eta baztertze soziala ere. Parte-hartze sozialari dagokionez, datuek erakutsi dute atzerritar jatorriko pertsonek lehentasuna ematen dietela elkarte ludikoei, elkarte sozial eta politikoen kaltetan. Harreman sozialei dagokienez, era guztietako pertsonekin izaten dituzte harremanak beren aisialdian, bai bertakoekin bai atzerrikoekin.
Hala ere, azterlanak ondorioztatu du, egoera orokorra ez izan arren, atzerritar jatorriko biztanleriaren zati batek maiz jasaten dituela diskriminazioa eta bazterkeria, batez ere, Saharaz hegoaldeko Afrikatik eta Senegaletik etorritako pertsonek. Sexua aldagaiak ere eragiten ditu desberdintasunak; izan ere, Senegal, Kolonbia, Ekuador, Peru, Bolivia eta Errumaniako emakumeek gizonek baino bazterketa- eta diskriminazio-tasa handiagoak jasaten dituzte.
Errealitate heterogeneoak
Euskadiko etorkinen integrazioari buruzko joerak eta erronkak txostenak agerian utzi du, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan bizi diren jatorri atzerritarreko biztanleen errealitateak anitzak direla eta kolektiboa heterogeneoa dela.
Hala, esate baterako, asiar jatorriko pertsonek, batez ere txinatar jatorrikoek, ikasketa-maila txikia eta integrazio sozial apala erakutsi dute, baina lan-integrazio bikaina eta erregulartasun-tasa oso handiak dituzte.
Latinoamerikako kolektiboak, berriz, aniztasun handia du. Integrazio handiagoa duten jatorrien aldean (Argentina, Txile eta Uruguai), Boliviaren kasua nabarmentzen da, ikasketarik gabeko pertsona kopuru handiagoa erakusten baitu, lan-merkatuan sartzeko zailtasunez gain.
Azkenik, Afrikako jatorriek erakutsi dituzte balio urrunenak. Magrebek, oro har, ikasketa-maila txikia eta langabezia-tasa handiak ditu, eta emakumeak gutxi integratzen dira lan-merkatuan.