Itxi

OSTALARITZA

Zer gertatuko da hiriburuetako "covid terrazekin" hemendik aurrera?

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EiTB MEDIA

Leer en Castellano

Gauerdian desagertuko dira pandemia garaian onartutako terrazak Bilbon. Donostian, bilera egingo dute astelehenean, erretiratzeko egutegia adosteko. Iruñean, dauden bezala mantenduko dira sanferminak arte eta Gasteizen orain arte bezala jarraituko dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Bilbon behin-behinean jarritako 330 terrazek azken orduak dituzte gaur. Gauerdirako desmontatuta egon beharko dute covid-19aren pandemia dela eta emandako baimen bereziei esker, aparkalekuetan nahiz espaloietan jarri zituzten guneak. 

Bilboko Udalak bukatutzat emango ditu maiatzaren 1ean terrazak jartzeko aldi baterako eman zituen ezohiko baimen guztiak, baita karpa edo azpiegitura babesgarrien zabalpenak ere. Era berean, mahai gehiago zein Zazpikaleetan moduluak jatzeko aukera eta covid garaian emandako ezohiko beste edozein baimen ere bertan behera geratuko da.

Bihartik aurrera, sasoikako baimenak soilik izango dira indarrean, eta, ondorioz, pandemia baino lehen zuten tamaina berreskuratuko dute terrazek Bilbon.

Udaleko talde politiko guztien babesarekin hartu da erabakia (EAJ, PSE-EE, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP) eta Bizkaiko Ostalaritza Elkartearekin ere aztertu dute neurria.

Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko egoera

Donostiako Udalak bilera egingo du astelehenean ostalaritzako sektorearekin, terrazak erretiratzen hasteko egutegia negoziatzeko.

Gasteizen, berriz, hartuta dute erabakia. Terrazen inguruko ordentza berria onartu zuten otsailean, eta horren arabera, pandemia egoeran baimendutako terrazek bere horretan jarraituko dute. Izan ere, aparkalekuetan jartzeko aukera onartu dute baita pasealekuetan ere, oraingo baldintzetan.

Iruñean ere bere horretan jarraituko dute, oraingoz, terrazek, baina soilik San Fermin jaiak arte.

Pandemia garaian terrazak zabaltzeko emandako baimen bereziekin zer egin erabakitzen ari dira herri txikiagoetan ere. Eibarrek edo Tolosak, adibidez, pandemiaren aurreko espazio publikoa berreskuratzea erabaki dute. Beste herri batzuek, Zarautzek, esate baterako, oraingo egoera luzatzea erabaki dute eta askok ez dute oraindik erabakirik hartu.

Albisteak (2)

Bideoak (1)