Itxi

IRUZURRA

Gizon bat atxilotu dute Elorrion, 205.000 euroko iruzurra egiteagatik Lanbiden

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Atxilotuari, iruzur egitea, dokumentuak faltsutzea eta identitatea usurpatzea leporatzen diote, ez zegozkion dirulaguntzak lortzeko. Oinarrizko errenta eta etxebizitzarako laguntzak jasotzen zituen baldintzak bete gabe, eta bi aldiz, gainera, pasaporte ezberdinak erabilita.

Lanbideren bulego bat, Bilbon. Argazkia: EFE

Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen ostiralean Elorrion, iruzurra egitea, dokumentuak faltsutzea eta identitatea usurpatzea leporatuta, eta bikotekidea ere ikertzen ari dira delitu horietan nahastuta dagoelakoan.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, gutxienez orain dela 10 urtetik ari zen iruzurra egiten, eta, guztira, 205.000 euro eskuratu ditu modu honetan. Horretarako, pasaporte ezberdinak erabiltzen zituen eta laguntzak bikoiztuta jasotzen zituen.

Ikerketa aurtengo martxoaren amaieran hasi zuten, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzutik Ertzaintzari abisu eman ziotenean, ustezko iruzur-kasu bat argitzeko. Lanbideren susmoen arabera, partikular bat ustez identitate ezberdinak erabiltzen ari zen gizarte-laguntzak jasotzeko.

Sestaoko komisariak jarri zuen ikerketa abian, Bizkaiko Udaltzaingoarekin lankidetzan, Espainiako Poliziarekin, Bizkaiko hainbat udalekin, Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Etxebizitza sailekin elkarlanean.

Ikerketan ondorioztatu zutenez, 47 urteko gizona gutxienez 2012tik ari zen iruzur egiten, identitatea usurpatzen eta agiriak faltsutzen Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarria (EPO) jasotzeko, ez zegokionean; eta, gainera, pasaporte ezberdinak erabiliz, bikoiztuta jasotzen zituen dirulaguntzak.

Atxilotuaren bikotekidea, 48 urteko emakumea, ere ikertzen ari dira inplikatuta egon delakoan. Ertzaintzaren arabera, bazekien iruzurra gertatzen ari zela eta, gainera, laguntza horietako batzuk berak jaso zituen, zuzenean.

Durangoko Guardiako Epaitegiaren esku jarri zuten atxilotua ostiral arratsaldean baina ez da ezagutzera eman zer erabaki hartu zuen epaileak.