Elkarrizketa ETB-N
Sagardui: "Positiboak igo egin dira azken egunotan, 900 bat daude berriro, baina ez dira horren larriak"
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Osasun sailburuaren ustez, oraindik ezin da koronabirusaren "gripalizazioaz" hitz egin. "Ez dugu nahikoa ezagutzen birus hau. Gripearekin urte asko daramatzagu, koronabirusaren jarrera estandarizatu hori ez dago", azpimarratu du.
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi duenez, koronabirus kasuak "igo egin dira azken egunotan, 900 bat daude berriro, baina ez dira horren larriak. Dena den, badakigu gero eta kasu gehiago, arrisku gehiago dagoela".
Osasun sailburuak "zuhurtzia" eskatu du beste behin ETB1eko "Egun On Euskadi" saioan egin dioten elkarrizketan; izan ere, horren ustez, oraindik ezin da koronabirusaren "gripalizazioaz" hitz egin: "Ez dugu nahikoa ezagutzen birus hau. Gripearekin urte asko daramatzagu, koronabirusaren jarrera estandarizatu hori ez dago".
Gaur kaleratuko du Osasun Sailak asteko buletina; hildako kopuruaz galdetuta, daturik ez du aurreratu Sagarduik, baina aurreko astekoak aipatuta —25 pertsona hil ziren koronabirusak jota— "gaixotasun bakar batengatik asko" direla aitortu du. "Normalean ahulen daudenen artean ematen dira, baina kasuak badaude osasun onez egonda konplikatzen direnak. Inork ez dezala pentsatu: Niri ez zait tokatuko eta ez naiz txarto egongo".
Gripea hizpide, Osasun sailburuak aitortu du kasuak igo egin direla, "babesa kendu dugulako". Azaldu duenez, "maskara kendu dugu, oporraldi batetik heldu berri gara, eta lasaitasun gehiagoz jokatu dugu. Horrela kutsatzen gara gehiago". Nolanahi ere, zehaztu du gripe kasu gutxiago izan ditugula aurten beste urteekin alderatuta.
Osakidetzako Lehen Arretan aurrez aurreko arreta berreskuratzeko prozesua "gizartea bera normaltasunera doan heinean" gauzatuko dela argitu du. Sagarduiren ustez, pandemiarekin "ohitura berriak" sortu dira, eta batzuek presentzialtasuna baino "telefonoz artatuak izatea nahiago dute", eta beste hainbatek "aurrez aurrekoa nahi edo behar dute". "Zerbitzua zelan eman nahi dugun eduki behar dugu argi. Zertarako behar dugu medikua? Zergatik ez erizainarekin edo administrazioko langile batekin? Agian beste profesional batek eman ahal digu zerbitzua denbora laburragoan. Lehen Arretan talde lana dago", azpimarratu du.
Azkenik, esan du EAEn ez dutela umeei eragiten dien hepatitis aldaera berriaren kasurik atzeman. Sagarduiren esanetan, 6-7 urtera arteko haurrengan atzeman dute, eta batez ere haurtxoetan.