EPAIKETA
Gaur hasiko da Groseko ostatu batean duela bi urte gertatutako eraso matxistaren inguruko epaiketa
EITB MEDIA
15 urteko kartzela-zigorra eskatzen du Fiskaltzak bere bikotekidea hil nahi izan zuen gizonarentzat. Ohean zirela, gizonak lepoa moztu nahi izan zion bere neskalagunari labana batekin, baina biktimak ihes egitea lortu zuen.
Donostian astelehen honetan ekin diote orain dela bi urte Groseko ostatu batean gertatutako eraso matxistaren inguruko epaiketa. 15 urteko kartzela-zigorra eskatzen du Fiskaltzak bere bikotekidea hil nahi izan zuen gizonarentzat.
Ministerio Publikoak, halaber, 56.620 euroko kalte-ordaina eskatu du biktimarentzat, eragindako lesio fisikoengatik eta kalte moralengatik.
2020ko azaroaren 24ko goizaldean gertatu zen erasoa. Bikotea Donostiako Gros auzoan dagoen Iztueta kaleko pentsio batera joan zen gaua pasatzera. 05:00ak aldera, gizona emakumeari labanaz lepoa mozten saiatu zen ohean zirela. Biktimak, baina, ihes egitea lortu zuen.
Partikular batek liskarraren berri eman zion poliziari, eta udaltzainak bertaratu zirenean, gizona emakumea igogailura arrastaka zeramala aurkitu zuten.
Emakumea ospitalera eraman zuten, eta erasotzailea atxilotu eta espetxera bidali zuten.
Zauriak jasateaz gain, gaur egun estres postraumatikoa du biktimak.