Itxi

Epaiketa Donostian

Hilketa saiakera frogatuta, Groseko eraso matxistaren epaiketa epaiaren zain geratu da

O. P. | EITB Media

Leer en Castellano

Gertakariak 2020ko azaroaren 24ko goizaldean jazo ziren. Gizonak bi labankada eman zizkion bikotekideari lepoan, eta hilgarria izan zitekeen zauria eragin zion. Fiskaltzak 15 urtetik sei urte eta erdira murriztu du zigor eskaera, aitorpenaren aringarria dela eta.

Groseko pentsioa.

Epaiaren zain geratu da duela bi urte Donostiako Gros auzoko pentsio batean eraso matxista egitea leporatu zioten gizonaren aurkako epaiketa.

Gaur egin den epaiketako saio bakarrean, fiskalak frogatutzat eman du akusatua neska azpikeriaz hiltzen saiatu izana, lepoan bi labankada eman zizkionean. Hala ere, 15 urtetik sei urte eta erdira murriztu du zigor eskaera, aitorpenaren aringarriagatik.

Auzitegiko medikuek azpimarratu dutenez, zauria bi milimetro sakonagoa izan balitz, hilgarria izan zitekeen.

2020ko azaroaren 24ko goizaldean gertatu zen erasoa. Bikotea Donostiako Gros auzoan dagoen Iztueta kaleko pentsio batera joan zen gaua pasatzera. 05:00ak aldera, gizona emakumeari labanaz lepoa mozten saiatu zen ohean zirela. Biktimak, baina, ihes egitea lortu zuen.

Partikular batek liskarraren berri eman zion poliziari, eta udaltzainak bertaratu zirenean, gizona emakumea igogailura arrastaka zeramala aurkitu zuten.

Emakumea ospitalera eraman zuten, eta erasotzailea atxilotu eta espetxera bidali zuten.

Zauriak jasateaz gain, gaur egun estres postraumatikoa du biktimak.

Albisteak (1)