Itxi

Hezkuntza

Unibertsitate Estrategia berriak 10.000 plaza eskainiko ditu 80 titulutan

Iker Gonzalez | eitb media

Leer en Castellano

Eusko Jaurlaritzak 2022-2026ko Unibertsitatea+Enpresa II. Euskal Estrategia berria aurkeztu du. Aurreko eskaintza ia bikoiztuko du datozen lau urteotan, bost jarduera-lerro nagusitan. 

Enpresa kolaboratzaileen kopurua 600etik 1000 igoko da. Artxiboko argazkia: EFE

2022-2026ko Unibertsitatea+Enpresa II. Euskal Estrategia berriak 10.000 plaza eskainiko ditu formakuntza dualean datorren epean, 80 titulutan heldu ahal izango zaio formakuntza eredu horri, eta 1.000 enpresako eskaintza izango da.

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin batera, Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren bileran buru izan dira, eta estrategia berriaren ildo nagusiak aurkeztu dituzte.

Estrategia berria aurkeztu baino lehen, lehendakariak lehen estrategiaren (2017-2022) balantzea egin du. Lehen epe horretan, 47 unibertsitate titulu dual egiaztatu dituzten eta 4.800 ikaslek egin dute unibertsitateko prestakuntza duala, 600 enpresatan. Gainera, unibertsitateko prestakuntzaren inguruan 2 kluster berri sortu dira: "4gune" eta "KSIgune" eta ekintzailetzarako 300 beka eman dituzte. 

Estrategia berri honetarako, bost ildo nagusi ezarri dira: 

-Unibertsitateko prestakuntza dualaren eskaintza sustatzea, 80 titulazio dualetara iritsi arte, aurreko estrategian eskainitako 47en aurrean; 10.000 ikasleri plaza eskaintzea (aurrekoan 4.800 izan ziren) eta 1.000 enpresa kolaboratzaile izatea, 400 gehiago. Unibertsitateko 10 titulazio i-dual (nazioarteko titulazio dualak) martxan jartzea.

-Beste bi Unibertsitate+Enpresa gela sortzea (lehendik dauden bi gelez gainera).

-Unibertsitate mailako formakuntza bizitza osoan zehar. 

-RIS 3 Euskadi Basque Country.

-Bikaintasun-ikerketaren esparruko IKUR 2030 Programa sustatzea unibertsitateetan.

Lehendakariak nabarmendu duenez, aurreko planaren esperientziari esker, "elkarrekin lan egin ahal izan dugu eta, neurri handi batean, formakuntza teorikoa gaitasun praktikarekin lotu. Formakuntza osoaren kalitatea eta unibertsitateak enpresaren beharrei ematen dien erantzuna hobetu dugu. Estrategia horren bidez, gainera, ikerketa eta berrikuntzan esparru berriak zabaldu ahal izan ditugu".

Hori dela eta, datozen lau urteetako helburua "unibertsitatea eta enpresa elkartzen eta gehitzen jarraitzea da, euskal gizartearen garapenerako etorkizun gako bat baita". "Helburu horrekin, eta elkarlanetik, Euskal Unibertsitate Sistemaren beharra bultzatzen jarraituko dugu, ikasleriaren enplegagarritasuna xede duen eskaintzaren eta abangoardiako ezagutza sortzeko gaitasuna duen berme gisa, gure gizartearen transformazioaren mesedetan".