INDARKERIA MATXISTA
Emakume batek sexu-erasoa jasan zuen Baigorrin, Nafarroaren Egunean
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
Festaren antolatzaile den Basaizea Kultur Elkarteak elkartasun osoa adierazi dio salaketa egin duen emakumeari eta manifestazioa deitu du Baigorrin, datorren larunbaterako.
Aurreko larunbatean, apirilak 30, sexu-erasoa jasan zuela Baigorrin salatu du emakume batek, Nafarroaren Eguna ospatzen zen gauean.
Mugaren bi aldeetako nafarren harremanak saretzeko antolatzen den festaren baitan gertatu zen, antza denez, erasoa, eta jaiaren antolatzaileek salaketa oharra kaleratu dute sare sozialetan, protesta egiteko manifestazioa deitzearekin batera.
Basaizea elkarteak jakitera eman duenez, emakumea bera jarri da harremanetan elkartearekin, gertatutako salatzeko: "Aste huntan, emazte batek Basaizea elkarteari jakinarazi dako, Nafarroaren Egunek gauean, sexualki erasotua izan dela. Basaizeko kideok, gure sustengu osoa erakusten dakogu eraso sexista pairatu duen eta salatzeko indarra ukan duen emazte horri".
"Nafarroaren Eguna, besta bat da, elkarrean arteko errespetuan iragan behar lukeena, berdintasunean eta segurtasun osoz bizi behar ginuekeena. Edozoin motatako erasoak onartezinak dira eta gertatu denari erantzun azkar bat eman behar zako, holakorik berriz gerta ez dadin" dio salaketa oharrak.
Gauzak horrela, gertatua salatu eta protesta egiteko, manifestazioa deitu du elkarteak datorren asterako, Baigorrin. Maiatzaren 14an, larunbata, izango da manifestazioa, 11:00etan, herriko etxea dagoen plazatik abiatuta.