Itxi

Herri Urrats

Aldarrikapena eta festa nagusi, Senperen

I. R. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Herri Urratsen jaialdiak bi aldarrikapen nagusi izango ditu gaur: Senperen bertan bosgarren kolegio bat irekitzeko dirua batzea eta azterketak euskaraz egin ahal izateko eskubidea eskatzea.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Bi urteko etenaldiaren ostean, guztiz indarberrituta bueltatu da gaur Herri Urrats Lapurdiko Senpereko lakura. Bertan, eguraldi eta giro ederrak lagunduta, milaka lagun batu dira goizean goizetik festaz gozatzera, baina baita Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak mahai-gainean jarritako aldarrikapenak babestera ere.

Izan ere, azken urteetako ikasle kopuruaren hazkundea tarteko, aurtengo edizioaren irabaziak Senperen bertan bosgarren kolegio bat irekitzeko baliatuko dituzte, eta horixe izango da gaurko egunaren erronketako bat: ahalik eta diru gehien batzea. Bestalde, arduradunek azaldu dutenez, azterketak euskaraz egin ahal izateko eskubidea ere entzute handia izango du gaurko egunean.

Seaskako lehendakari Peio Jorajuriak azaldu duenez, Ipar Euskal Herriko ikasleek debekatuta dute gaur egun euskaraz azterketak egitea; orain gutxira arte, 14-15 urte arteko neska-mutilek Brebeta proba euskaraz egiteko eskubidea zuten, "orain, aldiz, debekatuta dute, eta hori onartezina dela deritzogu". Baxoaren kasuan, 2022ra arte proba bi euskaraz egin ahal zirela gogoratu du Seaskakoak: historia eta geografia eta matematikak. Hala ere, deitoratu du aurtengoa lehenengo urtea izango dela ezin izango dutela ez bata ez bestea euskaraz egin. Horren aurrean, Jorajuriak azpimarratu du aurtengo Herri Urratsarekin erakutsi nahi dutela "milaka eta milaka" pertsona direla euskaraz bizi eta horren aldeko neurriak aldarrikatzen dutenak.

Ildo horretan, Ipar Euskal Herriko ikastolen jaialdiak jendetza batu du igande honetan Senperen. Ikastolaren eta euskararen aldekoak gehienak, baina baita hamaika ordezkari, politikari eta arduradun ere, hala nola Jokin Bildarratz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea; Jean René Etchegaray, Euskal Hirigune Elkargoaren lehendakaria; Dominique Idiart, Senpereko auzapeza; eta Koldo Tellitu, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakaria. Azken honek bere poza agertu du gaurko egunarekin, "egun berezia" delako ikastolen aldeko mugimenduarentzat: "Erronka asko ditugu aurretik, eta jendearen bultzada ezinbestekoa da hau dena aurrera eramateko".

Idiartek, bere aldetik, azpimarratu du Herri Urrats jaialdiaren eta Senpereren arteko lotura "betikoa" dela: "39 urte dira hemen egiten dela, eta bistan da herriarentzat ekarpen handia egiten duela honek". Seaskak udalerri horretan egin nahi duen kolegioaren inguruan galdetuta, Idiartek azaldu du "gogo handiz" hartu dutela proiektua, eta duela urte eta erdi dutela buruan.

Jaialdiaren egitaraua

Goizean goizetik, ez da ekitaldirik gabeko txokorik izango Senpereko lakuaren inguruan, zazpi gunetan banatuta. Zehazki, lau eremu nagusitan izango dira emanaldiak: Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Lapurdi guneetan.

Nafarroa guneko eszenatokia Lizeoko ikaslez osatutako Laparrak taldeak inauguratu du goizean. Gero, Aho zakil Konekxion eta Aguxtin Alkhaten txanda izan da. Eguerditik aurrera, hainbat musika talde izango dira bertan: Skakeitan taldeak bere birari emango dio hasiera Herri Urratsen (14:00); Des-kontrol izango da ostean, bere 25. urteurrena ospatzeko aitzakiarekin (15:45); Willis Drummond ere bertan izango da (17:30); eta Dupla bikoteak itxiko du eguna Nafarroa guneko azken kontzertuarekin (19:00).

Araba txokoan, musikak eta erromeriak poztuko dute eguna. Talde hauek arituko dira bertan egunean zehar emanaldiak eskaintzen: Pauline eta Juliette, Mutxikoak, Kilimak, Albosax, Xiberoots, Astobaba eta Trikidantz erromeria taldea. Kontzertuak 10:00etan hasi eta 20:00etan amaituko dira.

Gipuzkoa gunearen berezitasuna dantza izango da. Estitxu Robles kolegioko gazteek eman diote hasiera egunari. Ondoren, Kautere balet, Herri Urrats Kantuz, Wazza Panda Family eta Topa Nokaren txanda izango da. Dantza erakustaldiekin amaituz, Kimua Dantza Kolektiboak GenEroa lana aurkeztuko dute. Dantzaz gain, Tristan Murgi abeslariak eta ZEZE taldeak emango diote bukaera Gipuzkoa guneko programazioari.

Goiz aldean, Lapurdi gunean Artxeroak eta hainbat bertsolari aritu dira Herri Urrats girotzen. Eguerdi aldean, bazkaria alaituko dute Natek eta Watsonek.

Albisteak (2)

Bideoak (3)