Elkarrizketa Radio Euskadin
Abortatzeko guraso baimena kentzeak ez zuen abortu gehiago eragin, Landaidak gogorarazi duenez
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
2015ean egindako txosten bati egin dio erreferentzia Emakundeko zuzendariak abortu legearen aurreproiektuaren lehen balorazio "positiboa" egiteko. Dena den, zehaztu du Jaurlaritzak ez duela zirriborroa eskuratzerik izan.
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak gogorarazi duenez, Emakumearen Euskal Institutuak 2015ean egin zuen azterketa batek agerian utzi zuen 16-17 urteko neskek abortatzeko gurasoen baimena behar izateak "abortua ezkutuan egitera bultzatzen" zituela, "zaurgarrienak ziren gazteak arriskuan jarriz". Gainera, txostenak mahai gainean jarri zuen baimena kentzeak ez zuela abortu gehiago eragin, eta 10 kasuetatik 9tan gurasoekin batera joan zirela neskatoak haurdunaldia etetera, eta gainerakoan, legeak salbuetsitako salbuespenak (indarkeria, mehatxuak eta halakoak) baliatu zituztela adingabeek.
Espainiako Gobernuak asteartean onartu asmo duen abortuaren lehen balorazio "positiboa" egin du Landaidak, Radio Euskadiren "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan. Aitortu du, dena den, Jaurlaritzak ez duela zirriborroa esku artean izan, eta neurriak hedabideen bidez ezagutu dituela. Erantsi duenez, badira oraindik gobernuko bazkideen artean "itxi beharreko hainbat kontu".
Abortua hizpide, emakumearen eskubidea dela azpimarratu du, eta legeak eskubide hori egikaritzeko "bermeak" ematen dituela. Adingabeen inguruan, gogorarazi du legez gurasoen edo legezko tutoreen baimena behar dutela, baina salbuespen bat onartzen duela legeak: tratu txarrak, mehatxuak, indarkeria edo deserrotze kasuetan onartuta dago, betiere "baimen judizialarekin". EAEn, abortatzeko "hainbat klinika pribatuekin kontzertazioak" dituztela gogorarazi du Landaidak.
Haurdunaldi subrogatuari buruz, eta Berdintasun Ministerioak aplikatu nahi duen neurriaz galdetuta —atzerrian praktika hori erabiltzen dutenen aurka egin ahalko dute epaileek—, Landaidak aipatu du badagoela epai bat Konstituzionalarena, eta bertan ezarrita geratu da haurdunen eta praktika hori egin nahi dutenen arteko kontratuak "legez kanpokoak" direla. "Pertsonalki, uste dut emakumeen gorputzen merkantilizazioa saihestu behar dela".