Itxi

Eskubideak

Hileko mingarrien bajak ez du egun mugarik eta gutxieneko kotizaziorik izango, eta Estatuak ordainduko du

EiTB Media

Leer en Castellano

Bajak lehen egunetik Gizarte Segurantzak ordainduko ditu, ez enpresak; eta ez dute gutxieneko kotizaziorik eskatuko. Gainera, bajak ez du egun kopuru zehatzik aurreikusten, emakume bakoitzak behar dituenak baizik.

Irene Montero Berdintasun ministroa. Argazkia: EFE

Hileko mingarri batengatik baja hartzeko aukera jasoko du azkenean abortuaren legeak. Azken egunetan gaiak ika-mikak piztu ditu Espainiako Gobernuaren barruan. Horrela, Gizarte Segurantzak bajen % 100 ordainduko du lehen egunetik, Estatuko zenbait komunikabidek aurreratu dutenez.

Irene Montero Berdintasun ministroak berak baieztatu du txio baten bidez: "Legez aitortuko dugu hileko mingarriengatik baja hartzeko emakumeen eskubidea, eta Estatuak lehen egunetik ordainduko du".

"Dagoeneko lanera minarekin joatea normala ez izateko eta hilekoaren inguruko estigma, lotsa eta isiltasunarekin amaitzeko aurrerapausoa ematen dugu. Eskubideetan aurrera egiten dugu", erantsi du ministroak.

Xehetasun guztiak ixteko eta testua datorren asteartean Ministroen Kontseilura heltzeko zain, iturriek zehaztu dutenez, bajak lehen egunetik Gizarte Segurantzak ordainduko ditu, ez enpresak; eta ez dute gutxieneko kotizaziorik eskatuko.

Bajak ez du egun kopuru zehatzik aurreikusten, emakume bakoitzak behar dituenak baizik, iturriek jakitera eman dutenez.

Duela bi egun abortuaren legeko zirriborro bat argitara eman zuten. Hileko mingarriengatik hiru eguneko bajak jasotzen zituen zirriborroak.

Ministerio batzuek ezustean harrapatu zituen, eta araudiaren alde garrantzitsuak oraindik negoziatzen ari zirela ziurtatu zuten. Jose Luis Escriva Inklusio eta Gizarte Segurantza ministroak berak koalizio Gobernuan "eztabaidan" zegoen neurria zela esan zuen.

"Emakumeentzako Beste aurrerapauso historiko bat da", idatzi du Angela Rodriguez Pam Berdintasun Estatu idazkariak Twitter sare sozialean.