Itxi

ELKARRIZKETA

Laugarren epaiketa bat izanez gero, "zorte" pixka bat izatea eta justizia egitea espero du Candido Ibarrek

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Auzia hasi zenetik 28 urte igaro badira ere, Pablo Ibarren aitak justizian sinisten jarraitzen du. Pablo Ibar-Epaiketa Justua elkarteak kanpaina abiatu du laugarren epaiketa eskatu ahal izateko dirua biltzeko.

Candido Ibar artxiboko irudi batean. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Pablo Ibar-Epaiketa Justua elkarteak laugarren epaiketa egitea eskatuko du eta horretarako diru bilketa kanpaina abiatu du. Pablo Ibarren senide eta lagunen arabera, orain arteko epaiketak irregularrak izan dira eta ez dira bere eskubideak bermatu. Testuinguru horretan, Candido Ibar (Pablo Ibarren aita) elkarrizketatu dute ETB1eko "Egun on Euskadi" saioan, eta balizko laugarren epaiketa horri begira itxaropentsu mintzatu da. Hurrengoan "zorte" pixka bat izatea eta "noizbait" justizia egitea espero du Candido Ibarrek.

Orain arte azkena izan den hirugarren epaiketaren ondoren, Pablo Ibar heriotzaren korridoretik atera zen baina biziarteko kartzela ezarri zioten. Azken prozesuan akusatuaren "eskubide konstituzionalak" urratu zirela uste du defentsak, eta  euskal jatorria duen presoa hiru hilketaren errudun jo zuen epaiketa errepikatzea eskatu du.

Justizian sinisten ote duen galdetuta, sinistu beharra dagoela erantzun du Candido Ibarrek. 28 urte igaro dira guztia hasi zenetik, baina borrokan segitzeko asmoa agertu du.

Heriotzaren korridoretik irtenda Pablo Ibarren egunerokoak nabarmen hobera egin duela onartu arren, "kartzelatik irteten ez bada han hilko da". Gaur egun, emaztea eta seme-alabak espetxetik ordubetera bizi dira eta, anaiak, bi ordura. Gainera, kanpoan lanean ari dira errepideak konpontzen.