Itxi

Sanferminak 2022

Indarkeria matxistaren kontrako kanpaina "edukiz hustuta eta alde bakarrez" ezartzea egotzi diote Udalari

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Indarkeria Sexistaren Kontrako Emakumeen Plataforma jaietako udal mahaitik altxa da protesta gisa. Salatu duenez, Mayaren udal gobernuak "ahalmen bakarra" izan nahi du, sanferminetan eraso sexistarik egotekotan, "mobilizazioak noiz, nola eta zergatik egin behar diren" zehazteko.

Indarkeria Sexistaren Kontrako Emakumeen Plataformako kideak, agerraldian. Argazkia: EITB Media

Iruñeko mugimendu feminista, Indarkeria Sexistaren Kontrako Emakumeen Plataformaren bidez, oso kritiko azaldu da Iruñeko udal gobernuak (Navarra Suma) atzo prentsa ohar bidez zabaldu zuen San Fermin jaietarako indarkeria matxistaren kontrako kanpainarekin, eta "edukiz hustea" eta "alde bakarrez" ezartzea egotzi dio Enrique Mayaren exekutiboari, azken urteetako bidea etenda.

Indarkeria Sexistaren Kontrako Emakumeen Plataformako kideek prentsaurrekoa eskaini dute gaur Iruñeko udaletxean, udalak egindakoa "jendarteari azaltzeko" eta plataforma gai lantzeko duen udal mahaitik altxatu dela jakinarazteko.

Iratxe Alvarez plataformako bozeramaileak salatu duenez, atzo Iruñeko Udalak prentsa ohar bidez kaleratutako kanpaina ("Aske, ni beti aske" leloa du) "fartsa" bat da: "Ez da kanpaina bat, UPNren aurpegi garbiketa bat baizik". Azaldu du azken urteetan (Asironen agintaldian zein Maya alkate zela ospatu ziren lehen sanferminetan, 2019an) mugimendu feministarekin batera prestatutako protokoloa eta kanpaina izan dutela jaiek. Oraingoan, baina, "ez da inolako adostasunik zan" eta bere kanpaina diseinatu du Udalak, "alde bakarrez".

"Gobernu honek badaki ezin duela kanpaina osoa ezabatu, baina ahalegin guztiak egiten ari da indarkeria matxistaren kanpaina indargabetzeko, edukiz husteko, eta orain arte lortuko aurrerapen guztien izen ona kentzeko. Hori gutxi balitz, proposatu du orain arte alderdi politiko guztiek adostutako eta berretsitako protokoloa aldatzea. Helburua da eurek izatea ahalmen bakarra eraso sexistarik egotekotan, mobilizazioak noiz, nola eta zergatik egin behar diren", kritikatu du. Ohartarazi du feministek ez dutela hori onartuko. "Ondoan nahi ez bagaituzte, aurrean izango gaituzte, haiek ez bezala bizitza jokoan dugulako", ohartarazi du.

Alvarezek gogorarazi duenez, % 30 hazi dira eraso matxistak Iruñean, baina Udalak, egoera "larri" horri entzungor, zabaldu nahi duen mezua da "2022ko sanferminetako erasorik egongo ez dela". Plataformaren esanetan, "hori guretzat onartezina da, ez diogu onartuko ez Mayari, ez beste alkate bati. Eraso sexista guztiei erantzungo diegu, baimenarekin edo baimenik gabe".

Indarkeria matxistaren aurka Iruñeko Udalak aurkeztutako kanpainaren irudia. Argazkia: Iruñeko Udala

Albisteak (2)