Osasuna
Zer da tximino-baztanga eta zeintzuk dira sintomak?
AGENTZIAK | EITB MEdia
Baztanga arrunta 1980an desagerrarazi zuten, baina aldaera hau endemikoa da Afrikako hainbat herrialdetan.
Tximino-baztangaren sintomak baztanga arruntarenak baino arinagoak dira (sukarra, buruko mina, nekea...), baina askotan gongoilak handitu egiten dira eta larruazalean erupzioak agertzen dira. Horiek aurpegian sortu ohi dira, eta ondoren gorputz osotik heda daitezke, batik bat eskuetan eta oinetan.
Gaixotasun Kutsakorren eta Mikrobiologiaren Espainar Elkarteak (SEIMC) azaldu duenez, oraingoz ez dago argi noraino hedatuko den tximino-baztanga (Madrilen balizko 23 kasu atzeman dituzte), eta medikuarenera joateko deia egin die gaixotasun hori izan dezaketen susmoa dutenei.
Jatorria
Baztanga arrunta 1980an desagerrarazi zuten arren, tximino-baztanga endemikoa da Afrikan, eta noizbehinka kasu bakanak atzeman izan dituzte Erresuma Batuan.
Sintomak eta iraupena
SEIMCren arabera, gaixotasuna ortopoxbirus zoonotiko batek eragiten du, eta animalien bitartez kutsatzen da. Inkubazio epea 7-14 egunekoa izan ohi da, baina 5-21ekoa ere izan daiteke. Sintomak baztanga arruntarenak dira, baina arinagoak: sukarra; buruko, bizkarreko edota muskuluetako mina; hotzikarak eta nekea.
Baztanga arruntarekin gertatu ez bezala, baina, tximino-baztangak gongoilak handitzea ekar dezake gizakien artean.
Larruazalean erupzioak ere agertu ohi dira, gehienbat aurpegian, eskuetan eta oinetan.
Gaixotasunak 2-4 asteko iraupena izan dezake.
Transmisioa
Gehienbat listuaren edo arnasaren bitartez transmititzen da gaixotasuna, edo balizko lesio bat ukituz.
Gorozkien edo sexu harremanen bidez ere kutsatu daiteke.
Infekzio susmoak
Aipatutako sintomak edukiz gero, kausa hauengatik izan daiteke gaixotasun bat tximino-baztangagatik susmagarri: azken 21 egunetan gaixotasuna duen pertsona batekin kontaktua mantendu izana, gizon batek beste gizon batzuekin sexu harremanak izatea edo azken hiru asteetan Afrikako mendebaldean edo erdialdean egon izana.