Hezkuntza
Hezkuntza Sailak eta sindikatuek irakasle kopurua handitu eta ratioak jaistea adostu dute
EITB Media
Antolaketa modernizatu eta ardatz estrategikoak indartzearekin bat, besteak beste, Ingelesa 3 urtetik aurrera irakasten hastea eta egiturazko plaza ez direnak ikastetxeko plaza egonkor bihurtzea adostu dute Jaurlaritzak eta STEILAS, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek.
Hainbat hilabetez elkarrizketan eta negoziazioan aritu ondoren, Hezkuntza Sailak eta Irakasle funtzionarioen negoziazio-mahaian dauden sindikatuetako ordezkarien gehiengoak akordioa lortu dute gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan. Akordio horrek STEILAS, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen babesa izan du.
Hezkuntza Sailak igorritako oharraren arabera, adostutako dokumentuaren helburua ikastetxeen antolaketa eguneratzea da, baita sare publikoan estrategikotzat jotzen diren ardatzak sustatzea ere. Ikastetxeen kudeaketari, funtsezko esparruak indartzeari eta plazak finkatzeari buruzko alderdiak jasotzen ditu, baita ratio berrien inguruko xehetasunak ere.
Zehazki, besteak beste, Ingelesa 3 urtetik aurrera irakasten hastea adostu da, eta ikasgai honetarako irakasleen kopurua handitzea. Halaber, Lehen Hezkuntzan Gorputz Hezkuntzako irakasle gehiago jartzea ere zehaztu dute. Egiturazko plaza ez direnak ikastetxeko plaza egonkor bihurtzea ere adostu dute.
Era berean, Hezkuntza Premia Bereziei loturiko baliabideak gehitzea eta Zuzendaritza-eginkizunak betetzeko baliabideak handitzea ere hitzartu dute. Berrikuntza, hizkuntza edo pedagogia-proiektuetarako edota STEAM Estrategia bultzatzeko proiektuak garatzeko baliabide gehiago esleituko dira
Gainera, Bigarren Hezkuntzan 20 ikasleko kopurua gainditzen duten taldeei tutoretza bikoitza esleitzea ahalbidetuko da eta profil profesionalak sortuko dira (administratiboak eta digitalizazioaren kudeaketakoak) , irakasleak irakaskuntza-lanaren berezko eginkizunekin zerikusirik ez duten administrazio-zereginetatik libratzeko.
Ratioak murriztuko dira
Aldaketak izango dira ratioetan hainbat hezkuntza-etapatan. Haur Hezkuntzako lehen zikloan berdin geldituko da, taldeak gehienez 18 ikaslekoak izango dira. HHko bigarren zikloan, baina, egungo 23 ikasletatik 20ra murriztuko da. Haur Hezkuntzako ratio jaitsierak 2023-24 ikasturtetik aurrera arian-arian aplikatuko dira: 2023-24 ikasturtetik aurrera 3 eta 4 urteko geletan, eta 2024-2025 ikasturtean 5 urteko geletan.
Halaber, Lehen Hezkuntzako lehen zikloan 25etik 23ra murriztuko dira. 2023-24 ikasturtetik aurrera Lehen Hezkuntzako 1., 3. eta 5. mailetako geletan eta 2024-25etaik aurrera 2. eta 4. mailatan.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan bere horretan mantenduko da ratioa, 25 ikaslekoa eta Batxilergoan, lehen mailako geletan murriztu egingo da ratioa 2024-25 ikasturtetik aurrera eta 30ekoa izatetik 27 ikasleko gehienezko ratiora pasako da.
Irakasleei dagokienez, ikasleak/irakasleak ratioa honako hau izatea erabaki da: bi urteko geletan 12 ikasleko irakasle bat, Haur Hezkuntzan 18 ikasleko irakasle bat, Lehen Hezkuntzan irakasle bat 20 ikasleko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan irakasle bat 20 ikasleko eta Batxilergoan irakasle bat 25 ikasleko.
Hilabeteetako lanaren emaitza
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak poza agertu du irakasle funtzionarioen negoziazio-mahaia osatzen duten guztiek egindako lanagatik. Sailak uste du gehiengo sindikalarekin lortutako akordioak hezkuntza publikoa hobetzeko eragin zuzena duela.
Hezkuntza Saila eta sindikatu sinatzaileak prest azaldu dira akordio berriak lortzeko helburuarekin hitz egiten jarraitzeko.
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak mahaiko kideen borondate ona eta lana azpimarratu ditu, eta uste du gaurkoa "egun ona" dela hezkuntzarako, akordio horrek "lasaitasuna" emango baitie ikastetxeei.
Azpimarratu duenez, une honetan elkarrizketaren esparruan bi lan-ardatz daude: batetik, eremu politikoan, Legebiltzarrean lortutako akordioa, etorkizuneko hezkuntza-lege baterako oinarriak zehazten dituen eta datozen urteetarako -2034ra arte- lan-irizpideak finkatzen dituen proiektu batekin, eta, bestetik, lan-eremuan, orain akordio honetan gauzatu den elkarrizketa.