Itxi

Euskal Eskola Publikoaren Jaia

Eskola publikoa hezkuntza sistemaren erdigunea izateko eskatu du EHIGEk

Mikel Dominguez | EITB Media

Leer en Castellano

Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioaren arabera, Bastidan egingo duten Euskal Eskola Publikoaren jaiak Arabako Errioxako ikastetxe publikoen errealitatea ikusarazteko balioko du, "hiriburuetatik urrun eta nekazal eremuan".

Your browser doesn’t support HTML5 video

Orain arte alderdi politikoek adostutako Hezkuntzaren inguruko itunak ez du eskola publikoa erdigunean jartzen, Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioaren arabera. Eskola publikoa Euskal Hezkuntza Sistemaren ardatza izatea aldarrikatzen dute, hain zuzen, igandean egin behar duten Eskola Publikoaren Jaian, Bastidan (Araba). EITB Media taldea jaiaren babesle eta bidelagun izango da, beste behin ere.

Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak azaldu duenez, Europako beste herrialdeen mailan jarri nahi dute eskola publikoaren pisua hezkuntza sisteman, % 80ra hel dadin. Helburu hori urrun ikusten du EHIGEk, Hezkuntza itunean ez baitago horrelakorik jasota. "Orain artekoarekin ez gaude pozik", adierazi du Imazek.

"Eusko Legebiltzarrean parte hartu dugu, eta eskatu dugu eskola publikoa izan behar dela erdigunea, hazi egin behar dela, perimetroa zabaldu egin behar dela", azaldu du koordinatzaileak. EAEn eskola publikoaren maila handitzeko hura "erdigunean ipini eta ikas-postu publiko gehiago sortzea" nahi du elkarteak.

Baina "momentuz ez du ematen hortik doanik bidea". EHIGEren arabera, onartutako planifikazio dekretuan ez dago "eskola publikoaren perimetroa zabaltzeko" asmorik, baizik eta egungo eredu duala, publikoa eta itunpekoa aintzat hartzen dituena, mantentzeko nahia.

Hezkuntzaren publikotasuna aldarrikatzeko egingo dute Euskal Eskola Publikoaren Jaia, baina baita ikasturte luze baten ostean "ondo pasatzeko egun bat" izateko ere.

Arabako Errioxako ikastetxe publikoek eta bertako institutu bakarrak hartu dute parte jaiaren antolakuntzan. "Biztanle eta ikasle gutxiko zonalde bat da, eta sare lana egitea garrantzitsua zela iruditzen zitzaigun", azaldu du Imazek. Jaia "hiriburuetatik urrun, nekazal eremura eta Errioxarekiko mugara" eramanda bertako tokiko ikastetxe publikoen errealitatea ikusarazi nahi du EHIGEk, horiek mapan jartzeko.

11:00etan abiatuko da eskola publikoaren aldeko jaia, Bastidako Ikastetxe Publikokoaren atarian egingo den ekitaldi ofizialarekin. Irakasle, ikasle, guraso eta beste hainbat eragilerekin batera, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ere izango dira, tartean, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua.

Zure interesekoa izan daiteke: Ikusi hemen Eskola Publikoaren Jaiaren programazio osoa

Zure interesekoa izan daiteke: EITBren 3 kluba eta "3 Ene Kantak" Euskal Eskola Publikoaren jaian izango dira igande honetan, Bastidan

Bideoak (1)