Itxi

jaiak

Baionako Bestetara doazen bisitariek 10 euroko sarrera ordaindu beharko dute

eitb media

Leer en Castellano

Bueltan dira Baionako Bestak bi urteren ostean, eta aurten 8 eurotik 10 eurora igaro da bisitarientzat jai gunerako sarbidearen prezioa.

Jendetza Baionako Bestetan. Artxiboko argazkia: EITB Media

Bi urteko etenaldiaren ostean, aurten berriro ospatuko ditu Baionak bere jaiak, uztaileko azken astean. Beste behin, ordainpekoak izango dira bisitarientzat, 2018an ezarri zenez. Aurten, gainera, 8 eurotik 10 eurora igaroko da sarbidearen prezioa.

16 urtetik gorako bisitarientzat egongo da indarrean neurria, jai eremuan lan egiten duten profesionalak kenduta. Hala, baionarrak ez direnek ordaindu egin beharko dute jaietako asteburuan (ostirala, larunbata eta igandea) gunera sartzeko.

Herriko Kontseiluan onartu dute neurria, beste aukerarik ez dela ondorioztatuta. Ekonomia beharrak argudiatuta, besta-pasea bi euro igotzea erabaki dute. Oposizioak neurriaren aurka bozkatu du, aho batez.

Bestak diruztatzea "zaila" dela azpimarratu dute Jean Rene Etchegaray auzapezak eta Udalak, batez ere Estatuak segurtasun dispositiboa kobratzen duenetik, 2018an. Hiru milioi eurotik gorako gastuak bideratuko ditu Udalak jaietara.

Beste erakundeek, Euskal Hirigune Elkargoak adibidez, laguntzea proposatu du hautetsietako batek, baina Etchegarayren arabera, "ez da posible".

Uztailaren 27tik 31ra arte luzatuko dira aurten Baionako Bestak.