HEZKUNTZA
Asteartetik ostegunera bitartean unibertsitatera sartzeko hautaprobak egingo dituzte Nafarroan
EITB MEDIA
Azterketak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Iruñeko eta Tuterako campusetan egingo dituzte. Emaitzak ekainaren 15ean jakinaraziko dituzte.
Nafarroan asteartetik ostegunera bitartean egingo dute Unibertsitatea Sartzeko Ebaluazioa (USE), lehen selektibitate izenarekin ezagutzen zena. Pandemiagatik ezarritako osasun baldintzak atzean utzita, musukoa ez da derrigorrezkoa izango eta azterketa guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Iruñeko eta Tuterako campusetan egingo dira. Iaz, beste egoitza batzuk ere prestatu zituzten.
Asteartean, 09:30ean hasita, Gaztelania eta Literaturako eta Historiako azterketak egingo dituzte. Arratsaldean, hizkuntzakoak egingo dituzte (Ingelesa, Frantsesa eta Alemaniera).
Asteazkenean, beste ikasgai hauetako edukiak ebaluatuko dituzte: goizean, Euskara eta Literatura II (A eta D ereduak), Matematika II, Latina II eta Artearen Oinarriak II; arratsaldean, Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika, Marrazketa Teknikoa II, Biologia, Enpresaren Ekonomia eta Arte Eszenikoa.
Azken egunerako utzi dituzte Filosofiaren Historia, Fisika, Greziera II eta Ikus-entzunezkoen Kultura II, Kimika, Artearen Historia, Geologia, Geografia eta Diseinua.
Ohiko deialdiko azterketen emaitzak ekainaren 15ean jakinaraziko dituzte.
Bestalde, ezohiko deialdiko hautaprobak ekainaren 28tik 30era egingo dituzte. Kasu horretan, emaitzak uztailaren 5ean ezagutaraziko dira.