Itxi

Indarkeria matxista

Espetxean sartu dute Miguel Alonso Belza abokatua bikotekide ohiari tratu txarrak emateagatik

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Miguel Alonso Belzari zazpi urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, bikotekide ohiari hainbat aldiz eraso egin izana leporatuta. Abokatu donostiarra indarkeria matxista kasuetan espezializatua da eta Nagore Laffageren familiaren abokatua izan zen.

Miguel Alonso Belza abokatua. ETBko bideo batetik hartutako irudia

Miguel Alonso Belza abokatu donostiarra espetxean sartu dute bikotekide ohiari tratu txarrak emateagatik ezarri zioten zazpi urteko kartzela-zigorra bete dezan, Europa Press agentziak iturri juridikoak aipatuta jakinarazi duenez.

Gertakariak 2016an jazo ziren. Bikotekideari hainbat aldiz egin zion eraso, honek harremana amaitu nahi zuela adierazi eta gero. Emakumeak tratu txarrak eta jazarpena salatu zituen eta eraso baten bideak aurkeztu zuen froga moduan.

Jazarpena, tratu txarrak eta lesioak eragitea egotzita, zazpi urteko espetxealdia ezarri zioten. Orain, Espainiako Auzitegi Gorenak ebazpen hura berretsi egin du, Belzaren helegitea atzera botata.

Belzaren kasua adierazgarria da indarkeria matxista pairatu duten emakumeen defentsan espezializatutako abokatua delako eta, besteak beste, Nagore Laffageren -2008ko sanferminetan eraildako gazte irundarra- familiaren abokatua izan zen.