Indarkeria matxista
36 urteko gizon bat atxilotu dute Bilbon, bikotekidea hiltzen saiatzeagatik
EITB Media
Antza denez, gizonak sua eman zion emakumea eta horren alaba txikia zeuden lonja-etxebizitza bati, nahita. Biktima larri eraman zuten Gurutzetako Ospitalera.
Ertzaintzak 36 urteko gizon bat atxilotu du astearte honetan Bilbon bikotekidea hiltzen saiatzea egotzita, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Ustezko erasotzailea gaur atzeman dute, baina gertakariak joan den apirilaren 30ean jazo ziren. Biktima Atxuri auzoko lonja batean bizi zen bere alabarekin eta bikotekidearekin. Ertzaintzaren arabera, gizonak su eman zion lokalari eta emakumea larri eraman zuten Gurutzetako Ospitalera.
Hasiera batean istripua izan zela pentsatu zuten, baina ikerketak aurrera egin ahala, nahita piztutako sutea izan zela ondorioztatu zuten.
Gauzak horrela, Ertzaintzak berriro arakatu zuen kiskalitako lonja-etxebizitza, txakurren eta Polizia zientifikoko agenteen laguntzarekin, eta biktimaren bikotekidearen aurkako frogak bildu zituzten.
Ertzaintzak gaur arratsaldean atxilotu du 36 urteko gizona, bikotekidea hiltzen saiatu izana, hari lesioak eragitea eta lonjari su eman izana egotzita.
Akusatua polizia-etxean dago eta izapideak amaitutakoan utziko dute Bilboko epaitegiaren esku, Ertzaintzak zehaztu duenez.