Sexu-abusuak Elizan
Nafarroako Gobernuak aitortza eman die Elizaren baitan sexu-abusuak sufritu dituzten biktimei
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Biktimek esker ona adierazi diote Nafarroako Gobernuari aitortzagatik, baina azpimarratu dute ez dutela ahaztuko hainbat urtetan "bazterrean utzita" egon direla eta oraindik Elizak ez duela auzi honetan duen ardura bere gain hartu.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Nafarroako erakundeek aitortza eman diete Elizaren baitan sexu-abusuak sufritu dituzten 20 bat biktimari. Foru Gobernuak antolatu du ekitaldia eta, besteak beste, Maria Chivite presidenteak hartu du parte. Halaber, bertan izan dira alderdi politiko guztietako ordezkariak.
Chivitek publikoki adierazi die Nafarroako Gobernuaren babesa eta onartu du denbora luzean "gizartearen eta erakunde publikoen babesik gabe" egon direla Elizan gehiegikeriak pairatu dituzten pertsonak.
"Gaur urrats bat eman dugu pertsona horien mina erreparatzeko eta Nafarroako erakundeek giza-eskubideekiko duten konpromisoa berretsi dugu", adierazi du. Ildo horretan, gogora ekarri du bihar Elizaren baitan izandako abusuen biktimak aitortzeko lege-proposamena eztabaidatuko dutela Parlamentuan.
"Elizako abusuen biktimek denbora luzea daramate biktimizazio bikoitza sufritzen isiltasunaren eraginez eta Nafarroako Gobernuak horri eman nahi dio amaiera", azpimarratu du.
"Gobernuak hainbat pauso eman ditu biktimak aitortzeko eta memoria aldarrikatzen dugu, gertatutakoa ahaztu ez dadin", erantsi du Chivitek.
Biktimek urrats gehiago eskatu dituzte
Bestalde, biktimak pozarren agertu dira jasotako aitortzagatik, baina nabarmendu dute "bide luzea" geratzen dela aurretik eta urrats gehiago ematea ezinbestekoa izango dela.
"Nafarroan zortea izan dugu gizartea eta klase politikoak egoerak eskatzen duen maila eman dutelako, baina Estatuko gainerako lurraldeetan biktimak itzalean dauden oraindik, duela gutxira arte gu egongo garen moduan", deitoratu du Mikel Ezeolazak.
Ildo horretan, Espainiako Eliza katolikoaren jarrera salatu du, "isilarazi eta bazterrean utzi gaituztelako". "Ate guztiak itxi dizkigute", berretsi du.
"Gu ez gara Elizaren aurka egongo, barruan pertsona on asko dagoelako, baina instituzioak jarrera aldatu behar du", erantsi du.
Horrez gain, abusuen auzia eztabaida politikoan ez erabiltzeko deia egin du, "biktimen artean ideologia guztietako pertsonak" daudela kontuan hartuta.
Amaitzeko, Ezeolazak esker ona adierazi du erakundeek emandako aitortzagatik, baina azpimarratu du biktimek ez dutela ahaztuko "urte luzez isilaraziak eta baztertuak" izan direla eta Elizak oraindik ez duela bere gain hartu eragindako sufrimenduaren ardura.